Jaurlaritzak 25 urtetik 23ra jaitsiko du emantzipatzeko laguntzak jasotzeko adina

Eusko Jaurlaritzak iaz jarri zuen abian gazteentzako Emantzipa programa, baina uste baino gazte gutxiagok eskatu zuten laguntza, eta eskuragarri zegoen diruaren %20 baino ez zuten erabili.

Gazte bat etxe agentzia bateko erakusleihoari begira, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Gazte bat etxe agentzia bateko erakusleihoari begira, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Estibaliz Navarro Argaz
2025eko uztailaren 2a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak aldaketa garrantzitsua egingo du Emantzipa programan: orain arte, 25 eta 29 urte bitarteko gazteek bakarrik eska zezaketen Eusko Jaurlaritzak emantzipatzeko hilero ematen duen 300 euroko laguntza; baina Eusko Jaurlaritzak 23 urtetik aurrerakoek ere eskuratu ahal izatea nahi du. Eutsi egingo diote laguntza eskatzeko gehienezko adinari: 29 urte. Aldaketa ez diote aplikatuko aurtengo deialdiari, jada martxan dagoen prozedura ez aldatzeko.

Aldaketa Euskadiko gazteen egoeraren diagnostikoa 2024 azterketan oinarritzen dela azaldu du Nerea Melgosak, Ongizate Gazteria eta Erronka Demografikorako sailburuak. Ikerketak dioenez, gazte gehienek 23 urterekin emantzipatu nahiko luketen arren, askoz geroago lortzen dute hori, ia 30 urterekin. Sei urteren alde hori orain arte erregistratutako handiena dela zehaztu du Melgosak. Horregatik, Jaurlaritzak uste du garrantzitsua dela 23 urtetik aurrera laguntzen hastea, gazteek benetan nahi dutenean emantzipatzeko aukera izan dezaten. 

Eusko Jaurlaritzak gutxieneko adina jaitsi nahi du Emantzipa laguntza eskatu ahal izateko, baina lehenago ere beste aldaketa garrantzitsu bat egin zuen programan, gazteek prestazioa jaso ahal izateko diru sarreren mugetan: urteko gehienezko diru sarrerak 28.000 eurotik 30.000 eurora igo zituen; 34.000 eurotik 36.500era bikoteei dagokienez. Gutxieneko diru sarrerek 3.000 eurokoak izan behar dute. 

Eskaera eta laguntza gutxi

Iaz, Emantzipa programa martxan jarri zuten lehen urtean, 8.947 laguntza eskaera erregistratu ziren, datu ofizialen arabera. Hamarretik sei (%59,69) emakumeak izan ziren. Hala ere, azaldu dutenez, datu horiek urrun daude hasieran aurreikusitako 15.000 laguntzetatik. EH Bilduko Edurne Benito del Vallek egindako dokumentazio eskaerari erantzunez, Melgosak joan den astean zehaztu zuen desoreka hori aurrekontuan ere islatzen dela; izan ere, laguntzetarako gordeak zituzten 53 milioi euroetatik 10,36 milioi baino ez zituzten erabili, hau da, %20 baino gutxiago. 

Aurten gazteek 1.575 eskaera aurkeztu dituzte Emantzipa laguntza jasotzeko. Horietatik 597 onartu dituzte, eta 35 ukatu, batez ere baimendutako diru sarreren gehieneko mugak gainditzeagatik. Gainera, 62 eskaera osatzeko daude, eta gehienak, 881, oraindik «izapidetzeko» daude.

Laguntza eskatzeko epea apirilaren 1ean ireki zen, eta azaroaren 28ra arte egongo da zabalik. Aurrekontua gauzatzeari dagokionez, aurten gordeak dituzten 25 milioietatik 158.100 euro baino ez dituzte gastatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.