Tortura

Jaurlaritzak 3.587 tortura salaketa erregistratu ditu ikerketaren lehen erroldan

Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak eta Paco Etxeberria auzi medikuak hedabideen aurrean aurkeztu dituzte 1960-2013 bitartean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako tortura ikerketaren lehen fasearen ondorioak.

Apaiz baten tortura testigantzaren txostena erakusten Paco Etxeberria auzi medikua, gaur, Donostian. Haren ondoan, Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusia. BERRIA
enekoitz esnaola
2015eko otsailaren 6a
11:58
Entzun

Paco Etxeberria auzi medikua eta EHUko Kriminologiaren Euskal Institutua ari dira gidatzen ikerketa zientifikoa, Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzak eskatuta. Jaurlaritzak iazko martxoan harekin batera iragarri zuen bi urte beharko zituztela torturaren azterlanaren ondorioak plazaratzeko. Ikerlana 2016ko irailean bukatzea aurreikusten dute. Gaur eman dituzte ikerketaren lehen erroldaren datuak. 

3.587 salaketa haietatik, 2.820 kasu aztertu dituzte orain arte: 2.394 gizonezkoenak dira, 426 emakumezkoenak; 1.319 kasu Espainiako Poliziaren aurkakoak, 1.174 Guardia Zibilaren aurkakoak, 271 Ertzaintzaren kontrakoak; 914 kasu 1980ko hamarkadakoak, 687 1990eko hamarkadakoak, 540 2000ko hamarkadakoak, 474 1970eko hamarkadakoak.

Oraingoz, 1.183 kaltetuk berretsi dute torturen edo tratu txarren ondoriozko salaketa.

Ikerketak norbanakoen salaketak ditu oinarri. Urte haien artean egindako tortura salaketen —judizialen eta publikoen— errolda bat egin dute lehenik, gaur jakinarazi dutenez. "Ikerketa, oraingoz, ez da horien egiazkotasuna balioesten hasi", Jaurlaritzak dioenez. Hainbat iturritan dagoen informazio guztia biltzen saiatu dira. Etxeberriak esan du kasu berriak jasoko dituztela aurten ere —lehen erroldako emaitzak joan den abenduaren 31ra artekoak dira—-.

Besteak beste, jada hilda dagoen apaiz batek dokumentazio askorekin prestatu zuen bere tortura testigantza erakutsi die hedabideei auzi medikuak, Donostian, EHUn egindako agerraldian.

Fernandezek adierazi du "oso zaila" dela tortura kasuak egon diren frogatzea, eta ustezko testigantza faltsuak frogatzea "gaitza" dela. Horregatik, ikerketa "lasai eta serio" egin behar dela azpimarratu du, "zientifikoki jakiteko zer pasatu zen". Ondoren ikusiko litzateke "ondorio politiko eta judizialak" leudekeen.

Iragana argitzeko konpromisoa

Torturak azken 50 urte pasan EAEn izandako "benetako eraginaren berri ematea" da ikerketaren helburua, eta "errekonozimendu, konponketa eta prebentzioari lotutako ondorioak zehaztea". Bake eta Bizikidetza Planaren 6. ekimena da, planak zehaztutako hiru konpromiso handietako lehenaren barruan kokatua: iragana argitzearen konpromisoan.

Iazko ekainaren 28an aurkeztu zuten Ikerketa proiektuaren diseinua eta metodologia, eta Eusko Legebiltzarrera bidali zuten, baita Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordera ere. Lehen zatiaren ondorioak ere erakunde haietara igorriko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.