Udan irits daitezkeen migratzaileei laguntzeko asmoz, Jaurlaritzak Uda 2021 kontingentzia plana aktibatuko duela jakinarazi du gaur, Irunen, Beatriz Artolazabalek, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. 500 toki egongo dira gehienez, eta hiru egoera posibleren arabera aktibatuko dira. Sailburuak aurreratu duenez, Irunen eta Bidasoa eskualdean 338 toki izango dituzte.
Artolazabalek Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendariarekin batera eman du gaur goizeko prentsaurrekoa. Azken horrek azaldu duenez, udako planak hiru egoeratan banatzen du erantzuna: egun berean ehun pertsona baino gehiago, 200 pertsona baino gehiago eta 400 pertsona baino gehiago hartzekotan.
Era berean, sailburuak Errenteriako Gaztelutxo aterpetxearen garrantzia azpimarratu du. Ardurapean adingabeak dituzten emakumeei harrera egiteko erabiliko da, eta, Artolazabalen hitzetan, «migrazioaren dramako kolektiborik ahulenetako bat da».