Eusko Jaurlaritzak hausnartu du teknologia digitalei lotutako portaera eta patroi berrien "larrialdi" baten aurrean dagoela gizartea. Halaber, jokoari dagokionez ere aldaketak gertatzen ari direla antzeman du. Horrenbestez, 2017-2021. urte arteko Adikzioen VII. Planak gai horien prebentzioa indartuko du datozen urteetan.
Aurreko adikzioen planaren ebaluazioak zenbait erronka utzi ditu mahai gainean: adikzioen prebentzioan eta osasunaren sustapenean lan egiten jarraitzea; tabakoaren kontsumoan atzerapausorik egon ez dadin lan egiten jarraitzea; alkoholaren eta kalamuaren kontsumoari buruzko gazteen pertzepzioa aldatzen saiatzea; droga ilegal berrien toxikotasuna arretaz zaintzea...
Erronka horiei heltzeko, planak bost ardatz nagusi ditu; horien arabera antolatzen dira hamasei helburu eta 49 ekintza. Bost ardatz horietako hirutan lan ildo zehatzak bildu dituzte: osasunaren prebentzioa eta sustapena; adikzioa sor dezaketen eskaintza murriztea; eta laguntza sanitarioan, soziosanitarioan eta gizarteratzean arreta jartzea. Beste bi ardatzek zeharka jorratzeko neurriak xehatu dituzte: adikzioen inguruko ezagutzaren eta ebaluazioaren kudeaketa, eta administrazioen lidergoa eta koordinazioa.