Gainerako langile publikoekin parekatzea. Eskari hori berretsi zuten atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Justizia administrazioko langileek. Bi orduko lanuztea egin zuten atzo, aurreko asteko protestekin jarraituz. «Ez dugu beste gauzarik eskatzen. Nahi dugun bakarra da dagoeneko sinatuta dagoen akordioa betetzea. Hau da, gure lan baldintzak eta egutegia gainerako langile publikoenekin parekatzea», adierazi zuen CCOO ordezkari Amaia Gorik. EuskoJaurlaritzak «baztertu» egiten dituela salatu zuten. «Ez die batere axola gure egoerak».
400 bat langile bildu ziren atzo, Bilboko auzitegien atarian egindako protestan. LABeko Loreto Cabok nabarmendu zuen Jaurlaritza dela egoeraren erruduna. «Langileok ez dugu egoera hau sortu. Ez dakigu erronka bota nahi izan digun, baina Jaurlaritzak berak esan digu desberdinak garela, parekatzea ukatu diguna. Gero eta arrazoi gehiago ditugu kalean egoteko». Azken bileraren ostean egoera ez da asko aldatu. Gori: «Egoera luzatzen ari dira, gu urduri jarri nahi gaituztelako. Baina ez dute lortuko. Jaurlaritzak badaki arrazoia dugula».
Langileek salatu dute oraindik ez dakitela oporrak noiz hartuko dituzten ere. Jaurlaritzak jarrera aldatu ezean, ez dute baztertu protestekin jarraitzea, eta bestelako ekinbide batzuk abiatzea.
Jaurlaritzak baztertu egiten dituela salatu dute justiziako langileek
Lan baldintzak beste langile publikoenen berdinak izateko eskatu dute, eta horri buruzko akordioa betetzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu