Debekatu egin du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak euskal presoen eskubideen defentsan hilaren 14an Donostian egitekoa den manifestazioa. Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia jokatuko da egun horretan, etaarraun munduari lotutako hainbat lagunek eta euskal presoen senideek martxa antolatu dute, Gaixotasun larriak dituzten presoak eta kondena betea dutenak kalera lelopean. Iaz egun horretan izan ziren «desordena publikoak» gogora ekarri eta manifestazioa debekatu du Herrizaingo Sailak.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) antolatu zuen manifestazioa iaz, Amnistia eta autodeterminazioa lelopean. Hura ere debekatu egin zuen Herrizaingo Sailak. «Herritarren mobilizatzeko eskubidea» argudiatuta manifestazioa egiten saiatu ziren AAMko kideak, eta orduan istiluak izan ziren. Bederatzi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak -tartean Juan Mari Olano AAMko eleduna-, eta, haien oldarraldiaren ondorioz, hamar zauritu artatu behar izan zituzten erietxean. Istilu haien Herrizaingo Sailak eta «bere zipaioek» sortu zituztela salatu du Askatasunak.
Espainiako Auzitegi Nazionalaren «lan zikina» egiten ari da Herrizaingo Saila Askatasunaren arabera. Horrekin PSOEri «keinu» bat egin diola salatu du eta «gerra estrategian bere burua laguntzaile gisa kokatu» duela. Euskal herritarren adierazpen askatasunaren eskubidea urratu izan ere egotzi dio Askatasunak, eta horretarako «aitzakia faltsuak erabili» dituela.
Iaz gertatu zena kontuan hartuta, hilaren 14rako antolatu duten manifestazioa egiten ari diren bitartean edo hura amaitutakoan istiluak izan daitezkeela arrazoitu du Herrizaingo Sailak. Horregatik, eta «hirugarren pertsonak eta ondasunak arriskuan jar» ditzaketelako manifestazioa debekatzeko erabakia hartu du.
13:30ean abiatzekoa da mobilizazioa Bulebarretik. Ordu eta toki horretan, Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia izanik, jende ugari egongo dela dio Herrizaingo Sailak, manifestazioa debekatzeko argudio gisa.
Jaurlaritzak debekatu egin du hilaren 14an Donostian deitutako manifestazioa
Espainiako Auzitegi Nazionalaren «lan zikina» egitea egotzi dio Askatasunak Herrizaingo Sailari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu