Euskal presoak

Jaurlaritzak debekatu egin du Joxe Mari Sagardui presoaren aldeko ekitaldia

'Gatza'-ren omenaldia Askatasunak deitu duelakoan dago Barne Saila. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak antolatu du, ordea, eta bihar egitekoak dira, Zornotzan. Sagarduik 28 urte daramatza kartzelan.

2008ko uztailaren 11
16:57
Entzun
Joxe Mari Sagardui Gatza (1958; Zornotza, Bizkaia) presoa 28 urtean daukate kartzelan, bera da Europan espetxeratuta urte gehien daraman presoa, eta hori salatzeko ekitaldi nazionala antolatu zuten biharko, baina Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak debekatu egin du, ekitaldia Askatasuna legez kanpoko erakundeak antolatu duelakoan.

Askatu.org webak dio ekitaldia Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) antolatu duela.

Zornotzan bertan egitekoak dira ekimena, 18:00etatik aurrera Udaletxe plazan. "Gatza eta gainontzeko euskal preso politikoek pairatzen duten espetxe politika salatu eta gaixotasun larriak dituzten presoen eta kondena betea dutenen askatasuna galdegingo dute", dio AAMk. "Nola uler daiteke Gatza horrenbeste urte espetxean mantentzea? Nola ulertu Zornotzatik 800 kilometrora dispertsatuta izatea? Zelan ulertu espetxealdiaren 28 urteak 1. graduko faserik gogorrenean izatea? Nola ulertu eguneko 20-22 ordu zelda barruan izatea? Nola ulertu kirola, ikasketak eta bestelako aktibitateetan parte hartzeko debekua edukitzea? Modu bakarrean uler dezakegu. Gatza euskal preso politiko bat da. Frantziako zein Espainiako estatuek espetxe politika oso bat darabilte presoak suntsitu eta makurrarazteko asmoz. Presoak eta euren senitartekoak muturreko egoeretan mantentzen dituzte, heriotzaren ateetaraino eramaten dituzte xantaia politikorako erabiltzeko".

AAMk biharko ekitaldian parte hartzeko eskatu dute.

Sagardui gaur egun Jaen II.a (Espainia) kartzelan dago. 1980an atzeman zuten, ETAko kide zela egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.