EITB.com-ek jakinarazi duenez, ezinegona sortu du PSE-EEn Jaurlaritzak baketzean urratsak egiteko Sorturi igorritako proposamenak, eta ezinegon hori konpontzeko "kontaktuak" izan dituzte Jaurlaritzak eta PSE-EEk.
Hala baieztatu du Euskadi Irratian Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza zuzendariak, eta nabarmendu du "normal-normal" hartu behar direla kontaktu horiek: "Kontrakoa izango litzateke arraroa". Polemika amaitu dela eta PSE-EErekiko harremanak "normalizatuta" daudela gaineratu du.
"Arazoak badaude, edozein unetan telefonoa hartu, hitz egin edo mezu bat bidali, eta arazo horiek argitzen dira, eta hori da atzo gertatu zena", azaldu du Fernandezek. Edozein gobernuren ardura "mundu guztiarekin hitz egitea" dela ohartarazi du, eta agindu du "ahalegin guztiak" egingo dituela "ETAren amaiera ordenatua" lortzeko.