Euskalduntzea eta alfabetatzea

Jaurlaritzak euskaltegietako ratioak jaitsi ditu, matrikulazioa jaitsi dela eta

Euskaltegi bakoitza non dagoen, herri horren neurriaren araberakoak izango dira gutxieneko ikasle kopuruak. Euskaltegiek ordaina jasoko dute egin gabeko jarduera unitateengatik izandako galerengatik, ikasturte amaieran. 2025era arte iraungo du aldaketak.

Ikasleak euskaltegi batean. BERRIA
Julen Aperribai.
2022ko azaroaren 7a
17:13
Entzun

Euskaltegientzako eta helduen euskalduntzerako homologatutako beste zentroentzako diru laguntzen deialdia aldatu du HABEk, ikasle kopuruan izan duten galeraren ondorioz. Talde bakoitzeko gutxieneko ikasle kopurua zentroa kokatuta dagoen herriaren biztanle kopuruaren arabera kalkulatuko da aurrerantzean: 5.000 biztanle edo gutxiagoko herrietan, bost lagunekoa izango da gutxieneko ratioa; 5.000 eta 10.000 artekoetan, seikoa; 10.000 eta 25.000 artekoetan, zazpikoa; eta 25.000 baino gehiagokoetan, zortzikoa. Dagoeneko hasita dagoen ikasturtean aplikatuko da aldaketa, eta indarrean izango da 2025era arte.

Matrikulazioan beherakada «nabarmena» izan dela baieztatu dute euskaltegiek, HABEk jakinarazi duenez. Araban %20 jaitsi da, eta Bizkaian %15. Gipuzkoan, berriz, puntu bat igo da, iazko ikasturtearekin alderatuta. Hiriburuak kontuan hartuta, ordea, guztietan jaitsi da: Gasteizen %25, Bilbon %24 eta Donostian %3.

Ratioa «bizpahiru aldiz» aldatu zen pandemia garaian, Jokin Azkue HABEko zuzendariak aldaketaren ebazpenean gogorarazi duenez, eta argudiatu du orain ere «bidezkoa» dela euskaltegiek diru laguntzak jasotzeko ratioak aldatzea: «Euskalgintza sektorean, ikasleen eskariak gutxitzearen fenomenoa egiturazkoa edo epe luzekoa izan daitekeen oraindik jakin ezin badaiteke ere, fenomeno soziologiko larri honetan, irizpide berdinarekin jokatzea ulergarria izan daiteke».

Euskaltegiek diru laguntzen kitapena egiteko modua ere aldatuko du HABEk. Abuztuaren 31n onartu zituen HABEk diru laguntzak egiteko oinarriak, eta hori ordezkatu du testu berri batek. «Galeren batezbestekoa» izeneko metodologia finkatuko du horrek 2022-2025eko epealdirako, euskaltegiek ikasturte bakoitzean egin beharreko jardueretara iritsi ez izana orekatzeko asmoz: «%10etik beherako jarduera unitateen galerak edo beherakadak (esleitutakoarekin alderatuta) abiapuntu hartuta, galera horien batezbesteko bat egingo da». Euskaltegi batek dagozkionak baino jarduera unitate gutxiago egin baditu, betiere %10era arteko proportzioaren barruan, jarduera unitate guztiak egiteagatik legokiokeen kopuru bera jasoko du. Galerek %10 hori gainditzen badute ere, jarduera unitateak osotasunean egiteagatik jasoko lukeen laguntza berbera jasoko du, eginiko jarduerak %10 horren eta «galeren batezbestekoaren» artean badaude.

Ikasturtearen amaieran egingo dute kitapena, eta 2024-2025eko ikasturtean epealdi osoari dagokion kitapena egingo dute. «Doikuntza horretan, epealdiko hiru ikasturteetan euskaltegiak izan dituen kreditu eta zorrak aintzat hartuko dira», jakinarazi du HABEk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.