Jaurlaritzak ez die Zallobenta eta Peña Forua harrobiei kalteen ordainik emango

Naturguneak babesteko legeak ez zien kalterik eragin harrobiak kudeatzen dituzten enpresei, Jaurlaritzaren ustez

Erredakzioa
Bilbo
2012ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak ez du aintzat hartu Zallobenta eta Peña Forua harrobiak (Bizkaia) ustiatzen dituzten sozietate anonimoen eskaera, eta ez die kalte-ordainik emango. 2010ean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan natura babesteko legea onartu izanak harrobien ustiapena mugatu eta kalte ekonomikoak eragin zizkiela adierazi zuten bi sozietateek; ordainetan, hemeretzi milioi euro eskatu zituzten. 4,8 milioi galdegin zituen Canteras y Hormigones Zalloventa sozietateak, eta 14,2 milioi, Cantera Peña Foruak.

Naturgune babestuetan meatze jarduerak egitea debekatu zuen 2010eko martxoaren 11ko arauak. Zallobentako harrobia Urkiolako natur parkean dago, Mañarian; Peña Foruakoa, berriz, Urdaibaiko biosfera erreserban, Foruan. Eusko Jaurlaritzak atzoko gobernu kontseiluan erabaki zuenez, bi enpresek ez zuten harrobiak ustiatzeko proiektu onarturik araua indarrean sartu zen unean.

Zallobentari dagokionez, ordea, enpresak hiru aldiz jaso zuen harrobia ustiatzeko baimena—1974ko apirilaren 10ean, 1998ko martxoaren 16an eta 2004ko otsailaren 24an—. Baina, Jaurlaritzak argitu du baimen horiek behar bezala indargabetuak izan zirela, naturguneak babesteko araua indarrean sartu baino lehen. Harrobiaren jarduna legez kanpokotzat jo zuen Espainiako Auzitegi Gorenak 2010eko ekainean.

«Negozio aukera», ez kaltea

Harrobiak ustiatzeko baimenik ez zutenez, kalte-ordainak jasotzeko eskaera «negozio aukera» batean oinarritu zutela ebatzi du Jaurlaritzak, eta ez benetan gertatutako kalte batean: «Itxaropen bat eten zaie, ez eskuratutako eskubide bat». Iaz, 9,2 milioi ordaindu zizkion Eusko Jaurlaritzak Zallobenta ustiatzeaz arduratutako enpresari, 2006. urtetik aurrera irabazteari utzi zion diruagatik —Urkiolako natur parkearen kudeaketa plana berrikusi zuten orduan—.

Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiaren aurka helegitea aurkez dezakete enpresek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.