Ondarroako Udala Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailburuarekin batzartu da, martxoan herrian Kamiñalde alboko mendi magalaren erorketak eragindako kalteez mintzatzeko. Oregik esan die mendiaren magaleko lanen kostua euren eskumenetatik kanpo geratzen dela eta orain arte egin moduan Bizkaiko Foru Aldundiagaz harremanetan jar daitezela.
Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak adierazi du Jaurlaritzaren erantzuna ez zutela espero: "Jaurlaritzarekin izandako bileratik proposamen batekin bueltatuko ginela espero genuen, eta ez da horrela izan". Dena dela, finantzazioa lortzeko "ahalegin guztiak" egiten jarraituko dutela gaineratu du.
Jaurlaritzak Alokabideren bitartez eta lehen beharrizanetarako diru laguntzekin laguntza eskaintzen jarraituko duela baieztatu die udal ordezkariei.