Atzo Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo sailburuak kalamuaren salerosketa eta "kontsumo arduratsua" arautu nahi dutela esan arren, gaur Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak gaur zehaztu du ez dutela kalamua legeztatuko, horretarako eskumenik ez dutela esanda. "[Espainiako] Estatuarena da eskumena". Espainiako Zigor Kodeak kalamuaren trafikoa eta kontsumoa debekatu egiten duela gogoratu du Mendiak, halaber.
Haren arabera, Jaurlaritzako Osasun Sailaren xedea legedia aztertzea baino ez da, baita araudia hobetzea ere, droga haren kontsumitzaileak jaisteko asmoz.
"Debekatzera jo ordez, logikoena da bidea segurtatzea jendeak arduraz joka dezan, informazioari eta hezkuntzari esker", zioen atzo Bengoak. Honek esan zuenez, 2012ko hasieran aurkeztuko duen Mendekotasunen Legeak aurrera eginez gero, marihuana landatzea, salerostea eta kontsumitzeari buruzko araudi berria egongo da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Testuak ez ditu baliogabetuko zigorrak, baina "pertsonen autonomiari espazio jakin bat" utziko dio.