Eusko Jaurlaritzak gaur aztertuko du sendagaien berrordainketa ezartzeko agindua nola saihestu eta, horren ordez, zein eredu ezarri. Jaurlaritzak astebete aurreratu du aurten Gobernu Kontseilua —ikasturte politikoari hasiera ematen dio—, eta botiken berrordainketa izango da landuko duten gaietako bat. Patxi Lopezen gobernuak esan duenez, aginduari izkin egiteko aukerak aztertuko dituzte gaur, eta espero da gaur bertan jakinaraztea estrategia berriaren zertzelada batzuk.
Aztertzeko gutxi izango dute gaurko Gobernu Kontseiluan, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuorde Jesus Maria Fernandezek esandakoa aintzakotzat hartuz gero: botikak ez berrordaintzeko sistema «erabat diseinatua» dutela adierazi du. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman zion Mariano Raxoiren gobernuari, eta baliorik gabe utzi zuen berrordainketa ez ezartzeko Jaurlaritzak eginiko dekretua. Patxi Lopezen gobernuak iragarria du helegitea jarriko duela irailean erabaki horren aurka. Nolanahi ere, Fernandezek argitu du sendagaien berrordainketa ez dela ezarriko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ezta Auzitegi Konstituzionalak helegitea baztertu eta eredu hori ezartzeko agintzen badu ere.
Fernandezen hitzak berretsi ditu Jaurlaritzak. Auzitegi Konstituzionalak helegitea aintzat hartuko ez duen hipotesiarekin lanean ari da Jaurlaritza, eta, horregatik, beste dekretu bat prestatzen ari da dagoeneko. Aurreratua du arau berri hori, «botiken berrordainketak baliabide gutxien dituzten herritarrengan izan dezakeen eragina eragozteko». Hain zuzen, diru kopuru jakin batetik behera kobratzen dutenei laguntza bat emango die Jaurlaritzak, aurrena farmaziekin akordio bat eginda.
Orobat, Espainiako Gobernua osasun zerbitzuaren alorrean hartzen ari den erabakiei kritika egin die Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak: «Europako herrialde serio batek ere ez du osasuna deskapitalizatu, orain Espainia egiten ari den bezala». Bengoaren ustez, osasun sisteman PPk ezarritako neurri guztiek ondorio bera izango dute: jende gehiagok larrialdi zerbitzuetara jotzea. Botiken berrordainketa eta paperik gabeko etorkinei osasun txartela kentzea aipatu ditu adibide gisara. Gainera, uste du luze gabe aurrezteko erabakiak direnak «guztiz kontrakoa» izango direla luzera begira. Aurrezteari «garrantzitsua» iritzi dio Bengoak, baina erantsi du irizpide horrek ezin duela osasun politika menderatu.
Osakidetzako langileez ere mintzatu da Bengoa. Azaldu duenez, ez dute erabaki datorren urtean Osakidetzan murrizketarik egingo ote duten edo soldatak bere horretan utziko dituzten: «Hilabete bukaeran jakingo dugu zein den bildutako diru kopurua». «Horren arabera» erabakiko dute datorren urterako zein neurri hartu, Bengoaren esanetan. Bestalde, uste du Espainiako Osasun Batzordeak zentzua galduko duela PPren gobernuak orain arteko jarrerarekin jarraituz gero: «Gehiago da informazio eta inposizio mekanismo bat, irtenbideak topatzeko gune bat baino».
Etorkin papergabeen arreta
Egoera irregularrean dauden etorkinei osasun arreta bermatzen jarraituko duela iragarri zuen Jaurlaritzak, Madrilek papergabeei osasun txartela kenduko diela iragarri zuenean. Atzo, etorkinen osasun arretari eusteko asmoa duten autonomia erkidegoei «demagogiaz» jokatzea leporatu zien PPko Antolakuntza idazkariorde Carlos Florianok. Espainiako Gobernuaren neurriari men egingo ez diotela esan duten gobernuen jarrera «demagogikoa, arduragabea eta zentzurik gabea» da, Florianoren ustez: «Elbarriei eta adinekoei laguntzeko dirurik ez dutela esaten duten gobernuek, aldi berean, diote ez daudela konforme etorkinen osasun arretagatik ordainagiria haien jaioterrira bidaltzearekin». Florianok zehaztu du Espainiako Gobernuak ez duela osasun arretarik gabe utziko larri dagoen edo gaixotasun kronikoren bat duen etorkinik: «Gizatasunagatik, inor ere ez dugu bazter batean utziko».
Ezkerra koalizioak ere jardun du etorkin papergabeen osasun arretaz. «Legea betetzeko» eta pertsona horiei osasun txartela ziurtatzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari: «Gure bizilagunen giza eskubideak errespetatzeaz ari gara». Gainera, parlamentuan Marta Vera «berehala» agertzea galdegin du koalizioak, «azal dezan nola beteko dituen egoera irregularrean dauden pertsonen osasun beharrak». Arazoak antzemateko eta erabakiak hartzeko gaitasun falta egotzi dio Ezkerrak Nafarroako Gobernuari.
Jaurlaritzak gaur aztertuko du botikak ez berrordaintzeko era
Beste dekretu bat prestatzen ari da Patxi Lopezen exekutiboa, Espainiako Gobernuaren neurriari izkin egitekoOsasun sailburuordeak esan du «erabat diseinatua» dutela ezarri nahi duten eredua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu