EZBEHARRA

Jaurlaritzak jasoa zuen Zaldibarko zabortegian amiantoa zegoela

2007an hondakindegia zabaltzeko baimenean onartu zioten enpresari amiantoa hartzea: «isolatzeko material eta eraikitzeko material amiantodunak» jasotzeko baimena zeukan.

Erreskate taldeetako kideak, atzo, hondakidegian. SOS DEIAK
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko otsailaren 7a
10:49
Entzun

Amiantoa atzemanda, eten egin dituzte Zaldibarko zabortegian (Bizkaia) erreskatea egiteko lanak. Osalan lan segurtasuneko agentziak agindu du lanak eteteko, inguruan aritzeak arriskuan jar ditzakeelako erreskate taldeetako kideak. BERRIAk dokumentu ofizialetatik jaso duenez, Eusko Jaurlaritzak bazekien hondakindegi horretan amiantoa zegoela.

EAEko aldizkari ofizialean 2007ko martxoan argitaratu zuten zabortegia zabaltzeko baimena, Verter Recycling 2002 enpresak eskatua. Ebazpen hartan zehaztu zuten zer ingurumen neurri hartu behar zituen zabortegiak, eta eranskin batean ageri da zer gisatako hondakinak har ditzakeen: tartean daude «isolatzeko material eta eraikitzeko material amiantodunak». Areago, amiantoa bakarrik ez, beste hondakin arriskutsu batzuk ere egon daitezke hondakindegian, honako hauek hartzeko baimena eman baitzioten: «Eraikuntzako eta eraispen lanetako hondakinak (leku kutsatuetatik ateratako lurra barne)»

Amiantoari buruz Eusko Jaurlaritzak egindako beste txosten batean ere ageri da Verter Recycling enpresaren zabortegiari buruzko erreferentzia. Lan Sailak erregistro bat egina du amiantoaren arriskua duten enpresekin, eta tartean ageri da Zaldibarko zabortegiko enpresa. 2017ko irailean sartu zuten zerrendan.

Amiantoa erabiltzea debekatuta dago Europako Batasunean 2005az geroztik, osasunarentzat arriskutsua delako. Minbiziarekin lotua dago. Sektore ugaritan erabili izan dute amiantoa: eraikuntzetako tresnerian, ibilgailuetarako osagai batzuetan, ontzietan, margoetan, talko produktuetan... Amiantoarekin lan egindako ehunka pertsonaren heriotza dokumentatua dago Euskal Herrian, eta epaitegiek zigortuak dituzte dozenaka enpresa, langileen osasuna ez babesteagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.