euskara

Jaurlaritzak Lourdes Auzmendi izendatu du Hizkuntza Politikarako sailburuorde

Ramon Etxezarretak kargua utzi ondoren izan da aldaketa. "Egokitzapen normala" da, Idoia Mendiaren ustez. Sustapeneko zuzendari Begoña Muruaga ariko da.

2010eko martxoaren 30a
17:54
Entzun
Ramon Etxezarretak badu ordezkoa Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan (HPS): Lourdes Auzmendi. Gaur izendatu du Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak -Urdaibain egin du batzarra-, Etxezarretak postua utzi ostean. Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak gaur esan duenez, "egokitzapen normala" da gertatu den aldaketa.

HPSko Sustapeneko zuzendaria izan da gaur arte Auzmendi. EHUn Filologia irakasle aritutakoa da eta itzultzailea da. Eusko Legebiltzarrerako azkeneko hauteskundeetan Patxi Lopez PSE-EEko lehendakarigaiaren alde azaldu izan zen. Begoña Muruaga ariko da Sustapeneko zuzendari lanetan; Euskal Filologian lizentziatua da eta Arabako Foru Aldundiko funtzionarioa.

Hamar hilabete eskas egin ditu karguan Etxezarretak, eta "deseroso" zegoela aitortu du lankideei bidalitako agur mezuan. "Sailburuordetzan gero eta etxekoago sentitzen hasia nintzen, jendea konfiantzazkoago ikusi eta sentitzen. Sailean, aldiz, deserosotasuna gero eta handiagoa egiten ari zitzaidan, edozein azalkeriak gaina hartzen zidan. Ezin izan dut. Erreleboa eskatu nuen joan zen astean".

Astebetean bi arduradunek utzi dute euren kargua HPSn. Izan ere, Igor Calzadak, ordura arte Sailburuordetzako Koordinazio zuzendaria izandakoak, lehengo astean jakinarazi zuen postua utzi zuela. Ivan Igartua ariko da haren lekuan; EHUko irakaslea da.

Patxi Martinez de Marigortak eta Eugenio Mujikak euren karguetan jarraituko dute: Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendari eta HABEren zuzendari, hurrenez hurren. Blanca Urgell da Kultura sailburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.