Iaz Eusko Jaurlaritzak hedabide profesionalentzako diru laguntzen sorta bat jarri zuen adimen artifizial sortzaileak —edukiak, irudiak, bideoak... sortzen dituen horrek— edukien sorreran eragin ditzakeen kalteak arintzeko; desinformazioari aurre egiteko helburua ere bazuen diru laguntzen deialdi horrek. Bada, aurten ere deialdia egin du Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak, eta, hedabide bakoitzak bere proiektua aurkeztu ondoren, gaur eman du ebazpena: ia zazpi milioi euro banatuko ditu 41 hedabideren artean. Zehazki, 6.941.723,44 euro banatuko ditu Jaurlaritzak, iaz baino 740.019 euro gehiago.
Egunkari jeneralisten artean, El Correo egunkariaren editoreak jasoko du diru laguntzarik handiena, 961.966 euro; talde bereko beste egunkari batek, Diario Vasco-k, 699.068 euro jasoko ditu —iazko deialdian baino %20 gehiago—. BERRIAk, berriz, 485.914 euro jasoko ditu aurten, iaz baino %3 gehiago.
Gainerako egunkarien artean, Deia-k jasoko du kopururik handiena: 541.521 euro —iaz baino %19 gehiago—; talde bereko beste bi egunkarik ere iaz baino laguntza handiagoa jasoko dute: Noticias de Gipuzkoa-k, 428.631 euro (+%14), eta Noticias de Alava-k, 404.523 euro (+%20).
Gara-k ere jasoko du laguntza, 473.186 euro —iaz baino %19 gehiago—, eta baita Naiz irratiak ere, 143.974 euro (+%3). Horiek ez ezik, ElDiario.es-en Euskadi atalak ere hartuko du diru laguntza, iazkoa baino %2 handiagoa: 237.659 euro.
Irrati jeneralista batzuen artean ere banatuko dituzte laguntzak: Ser irrati kateak 628.223 euro jasoko ditu; Radio Nervionek, 436.271; Onda Vascak, 389531; eta Onda Cerok, 113.789.
Hedapen zabalagoa duten hedabidek dira horiek, eta, guztiak aintzat hartuta, haiek jasoko dute gehien Jaurlaritzaren diru poltsatik, ia sei milioi euro. Gainerako milioia eskualdeko eta tokiko hedabideen artean banatuko du. Horietatik gehienak tokikoak dira, edo eskualdekoak, baina Argia ere sartzen da poltsa horietako batean, eta astekariak 95.315 euro jasoko ditu —iaz baino %61 gutxiago—.
Besteen artean, tokikoak bi multzotan bereizi dituzte deialdian: egunero 4.000 hartzaile baino gehiago dituztenak, eta horiek baino gutxiago dituztenak. Lehen multzo horretakoen artean, honela banatu dituzte laguntzak —Argia ere multzo horretan dagoen arren, alde batera utzita—:
- Goiena: 89.781 euro.
- Bilboko Radio Popular: 88.374 euro.
- Tele Bilbao: 71.652 euro.
- Hamaika Telebista: 71.559 euro.
- Radio 7: 60.146 euro.
- Tele7: 57.226 euro.
- Bizkaia Irratia: 53.749 euro.
- Guka: 52.077 euro.
- Cronica Vasca: 38.009 euro.
- Lea-Artibai eta Busturialdeko Hitza: 21.152 euro.
Horien artean, gehienek iaz baino laguntza handiagoa jasoko dute aurten, baina bada gutxitu zaionik ere: Guka-k iaz baino %11 gutxiago jasoko du aurten, eta Cronica Vasca-k, %19 gutxiago.
Tokiko beste hamazazpi hedabidek ere jasoko dituzte laguntzak. Hona zerrenda osoa:
- Radio Donosti: 31.432 euro.
- Busturialdeko Irrati-Telebista: 30.485 euro.
- Goierri Telebista: 29.312 euro.
- Goierriko Hitza: 23.812 euro.
- 28 Kanala: 22.031 euro.
- Oarsoaldeko eta Bidasoko Hitza: 17.375 euro.
- Irutxuloko Hitza: 16.648 euro.
- Geuria: 16.112 euro.
- Tolosaldeko Ataria: 15.962 euro.
- Anboto: 14.243 euro.
- Aiaraldea: 14.136 euro.
- Hiruka: 13.042 euro.
- Aiurri: 12.379 euro.
- Arabako Alea: 10.906 euro.
- Antxeta irratia: 10.734 euro.
- Txintxarri: 10.484.
- Noaua: 9.336 euro.