Jaurlaritzaren 2005eko aurrekontua aurtengoa baino %6,8 handiagoa da

EAEko aurrekontuen proiektua aurkeztu zuen atzo Zenarrutzabeitiak

edurne begiristain
GASTEIZ
2004ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Datorren urterako 7.117 milioi euroko aurrekontu proiektua prestatu du Eusko Jaurlaritzak, aurtengoa baino %6,8 handiagoa. Idoia Zenarrutzabeitia lehendakariordeak hala jakinarazi zuen atzo, gobernu kontseiluak astelehenean onartutako EAEko aurrekontuen aurreproiektua aurkeztu zuenean. Lege aurreproiektua larunbat honetan igorriko dio Eusko Legebiltzarrari, talde guztiek azter dezaten. Zenarrutzabeitiak espero du PPk, PSE-EEk eta SAk orain arte aurrekontuen negoziazioetan agertu duten jarrera aldatzea eta haiekin ados jartzea aurrekontuak aurrera ateratzeko.

2005eko aurrekontuen bidez Jaurlaritzak «berrikuntzari, garapen iraunkorrari eta kohesioari» bultzada eman nahi diola azaldu zuen lehendakariordeak. Haren hitzetan, aurrekontu proiektu «orekatua» da, eta aurreko urteotako irizpideetan oinarritua dago.

Aurtengo aurrekontuetan bezala, Osasun eta Hezkuntza arloek eramago dute gastuen zatirik handiena: ia %60. Zehazki, Osasun Sailaren aurrekontua %7 gehituko da, eta Hezkuntza Sailarena %5,3. Departamendu horien atzetik,Herrizaingo Sailak du aurrekontu handienetarikoa, eta aurtengo aurrekontuarekin alderatuta, %4,2 igoko da.

Gastu sozialari bideratuko dio, berriro ere, aurrekontuaren zati handiena, «herritarren arteko aukera berdintasuna eta kohesioa bermatze aldera». Hala, gastu soziala gastu osoaren %72koa izango da, aurten baino %6 gehiago. Besteak beste, giza larrialdietarako laguntzetarako 25 milioi euro bideratuko dira, eta Bigarren Etxebide Plan Zuzentzailerako diruak%18,14 egingo du gora (316,3 milioi euro).Aurrekontu ekonomikoarekin batera, EAEko joera ekonomikoak ere aipagai izan zituen lehendakariordeak. Hala, aurten BPG %2,7 haziko dela espero du Jaurlaritzak, eta %3 datorren urtean. Langabezia tasa, berriz, jaistea espero dute, aurtengo %8,2tik 2005eko %7,9ra.

Eskumenen auzia

Zenbaki nagusiekin batera, bestelako datuak ere azpimarratu zituen Zenarrutzabeitiak. Hau da, Espainiako Gobernuak eskualdatu gabe dituen transferentziak direla medio, Jaurlaritzak 200,6 milioi euroko gastua egin behar duela. Gogoratu zuenez, 2003. urtean kopuru hori 168,4 milioi eurokoa zen, eta aurtengo aurrekontuetan, berriz, 183,3 milioikoa. Salatu zuenez, Gernikako Estatutua onartu eta 25 urte pasatu ondoren, xedapenak «urratuta, bete gabe eta garatu gabe» daude oraindik ere.

-

EAEko aurrekontuak



eskumenen transferentzia ezak eragindako gastua



Espainiako Gobernuak eskualdatu gabe dituen eskumenak direla medio, EAEko gobernuak espero du 200,6 milioi euro gastatuko dituela 2005ean (2003an 168,4 milioi gastatu zituen, eta 2004an 183,3 milioi). Estatutua «bete gabe» egotea salatu zuen Zenarrutzabeitiak.

Barne produktu gordina



Jaurlaritzak espero du aurten EAEko Barne Produktu Gordina %2,7 haztea dela, duela urtebete egindako aurreikusi bezala. 2005. urterako, berriz, ekonomia %3 haziko da.

inbertsio planak



Datorren urtean inbertsio ahalegina, besteak beste, arlo hauetan zehaztuko da:Inbertsio Publikoari Finantza Laguntza Emateko Esparru Planak: 84,5 milioi bideratuko ditu.

Euskadi Informazio Gizartean: 66,8 milioi euro.

Zientzia eta Teknologia: 118,3 milioi euro (aurten baino %16,9 gehiago).

Giza Larrialdietarako laguntzak: 25 milioi euro.

Enpleguaren Erakunde arteko Plana: 48,5 milioi euro.

Etxebide Plan Zuzentzailea: 316,3 milioi 2005erako (aurten baino %18,14 gehiago).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.