Aurrekontuen eztabaida Eusko Legebiltzarrean

Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari ezarritako osoko zuzenketa atzera bota du SAk, "negoziatzeko borondatea" dutela erakusteko

Eusko Legebiltzarrean, EAEko aurrekontuen eztabaidarako osoko bilkuran, SA Sozialista Abertzaletak taldeak eman du gaur ezustekoa: azken unean, Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontu proiektuari ezarritako osoko zuzenketa atzera botatzea erabaki du, hain justu, "negoziatzeko borondatea" duela adierazteko. Jaurlaritzaren izenean Idoia Zenarruzabeitia lehendakariordeak erantzun die, eta esan die Gobernua elkarrizketarako prest dagoela, baina horretarako baldintza bete behar dutela: ETA "soberan" dagoela adieraztea.

2003ko abenduaren 12a
15:35
Entzun
Oposizioko taldeek, PPk, PSEk eta SAk Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidatu behar zituzten gaur Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. PPren eta PSErena, eztabaidatu eta atzera bota dituzte; SAk, berriz, bere osoko zuzenketa defendatu du, baina, azken unean, atzera botatzea erabaki du, horrela Hiruko Gobernuari "negoziatzeko borondatea" duela erakusteko.

Laster heldu zaie Jaurlaritzaren erantzuna, Zenarruzabeitia lehendakariordearen bidez: Hiruko Gobernua eurekin hitzegin eta negoziatzeko prest dagoela adierazi die, baina lehendabizi bi baldintza betetzen badituzte: batetik, ETA "soberan" dagoela aitortzeko eta erakunde armatu hori "desagertzea" beharrezkoa dela adierazteko eskatu die SAko legebiltzarkideei. Bestetik, bere proiektu politikoak eztabaidatzeko eta defenditzeko "autonomia politikoa" duela frogatzeko. Baldintza horiek beteta, "argi eta garbi" SArekin negoziatzeko prest daudela azpimarratu du lehendakariordeak.

PPk eta PSEk, berriz, Hirukoaren eta SAren artean "akordioa egina" dagoela salatu dute ezker abertzaleko legebiltzarkideek osoko zuzenketa erretiratu dutela jakin orduko.

6.661 milioi euroko aurrekontua

Bestalde, oposizoko taldeek beren zuzenketen defentsa egin aurretik, Jaurlaritzaren proiektuaren berri eman du Zenarruzabeitiak. 2004ko aurrekontua 6.661 milioi eurokoa izango dela iragarri du; hau da, aurten baino %7,7 handiagoa, eta barne produktu gordina %2,6ra igotzea eta langabezia %7,9an kokatzea aurreikusten dute.

Zenarruzabeitiak Eusko Jaurlaritzak egiten dituen inbertsioak defendatu eta Estatuak Euskal Autonomi Erkidegoan egiten dituenak salatu ditu. Ildohonetan, eta lehendakariordearen esanetan, iaz Estatuaren inbertsioa 217 milioi eurokoa izan zen,2001aren erdia .

Estatuak egiten dituen inbertsioak "euskal ekonomiak Estatuan duen garrantziarekin"bat ez datorrela adierazi du Zenarruzabeitiak eta Estatuaren inbertsioetan eman den murrizketaren ondorioz "erkidegoko fondoek" aurrekontua orekatu beharko dutela gaineratu du.

Euskal Autonomi Erkidegoak beste ahalegin berezi bat egin beharko duela esan du baita ere Zenarruzabeitiak. Espainiako Gobernuak Euskal Automi erkidegoari transferitu ez dizkion konpetentzien ondorioz beste 183,3 milioi euro gastatu beharko ditu Eusko Jaurlaritzak.

Bestalde, lehendakariordeak 2004 aurrekontuan onartzeko, oposizioko taldeei adostasuna lortzeko puntu komun batzuk eskaini dizkie.Itun hau gauzatu ahal izateko, euskal gizarteak erabakitzeko duen eskubidea zein giza eskubideak errespetatu beharko dituela adierazi du Zenarruzabeitiak. Era berean, oposizioko hiru alderdiei, PP, SA eta PSE, aurrekontuen eztabaidan beraien arteko ezberdintasunak ahaztu eta Jaurlaritzaren aurrekontuak kritikatu izana aurpegiratu die.

Oposiziokohiru alderdiek aurrekontuen aurka bozkatzen badute, aurtengo aurrekontua luzatu beharko du Jaurlaritzak.

Aurrekontuaren kopuru eta ekonomiaren egoerari buruz, Eusko Jaurlaritzak euskal ekonomia moderatuki hazten jarraitzea espero du eta nazioarteko berpizkundea ematen bada, 2004ean euskal ekonomiaren barne produktu gordina %2,6ean kokatzea espero du.

Hazkunde ekonomiko honen ondorioz enplegua sortuko dela uste du Jaurlaritzak eta 2004aren bukaeran langabeziaren tasa %7,9an izatea espero du.

2004ko aurrekontuaren %72,54a gastu sozialei zuzendurik egongo da. Ildo honetan aipatzekoa da oinarrizko errentak izango duen igoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.