Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzan aholkulari gisa lan egingo du Aintzane Ezenarro Aralarreko kide ohiak. Jaurlaritzako iturriek BERRIAri baieztatu diotenez, Ezenarro "datozen asteetan" izendatuko dute, ez biharko gobernu kontseiluan.
Hain zuzen, bakearen eta bizikidetzaren gaia hezkuntzan nola landu izango da Ezenarroren zeregina.
Bihar egingo du Jaurlaritzak kontseilua, eta ondoren aurkeztuko du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Bake eta Bizikidetzarako plana. Ezenarro zuzenean izendatuko dute, eta ez du gobernu kontseiluaren oniritzirik beharko.
Aralarreko legebiltzarkidea izan zen Ezenarro aurreko legealdian, baina alderditik bota zuten, Oxel Erostarbe eta Mikel Basabe legebiltzarkideekin batera. Hain justu, alderdiaren iritziaren kontra egin eta aurreko legealdian bake eta bizikidetzarako batzorde bat osatzearen alde bozkatzeagatik egotzi zituzten alderditik. Aralarrek argudiatu zuen ezker abertzalea ez zegoela ordezkatua legebiltzarrean.