LABek eta EH Bilduk ez dute ontzat jo Eusko Jaurlaritzak gaur abiatutako berme lerroa. Imanol Pradalesen gobernua abal-emaile izango da aurrerantzean 18 eta 39 urte bitarteko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren lehen etxebizitza erosteko, baina, sindikatuaren eta oposizioko talde nagusiaren ustez, neurria ez da eraginkorra izango.
Haserrea adierazteko, elkarretaratzea egin du gaur LABek Bilbon, Sabin Etxearen atarian. Endika Perez sindikatuko Ekintza Sozialeko arduradunak hartu du hitza, eta esan «suari su ematea» dela gaur indarrean sartutako neurria: «Prezioek igotzen jarraituko dute, eta bankuek, langileen hipoteken bidez, gehiago aberasten».
«Prezioek igotzen jarraituko dute, eta bankuek, langileen hipoteken bidez, gehiago aberasten»
ENDIKA PEREZLAB sindikatuko Ekintza Sozialeko arduraduna
Antzeko iragarpena egin du EH Bilduk, ohar bidez. Salatu dute neurriak ez diela «etxebizitzaren krisiaren egiturazko arrazoiei heltzen»; kontrara, «sakondu» egiten dituela. «Konponbideak ezin dira izan baliabide publikoak arriskuan eta interes pribatuen zerbitzura jartzen dituzten formulak. Eredu horretan, irabaziak pribatizatu egiten dira, eta galerak sozializatu».
Pertsonak lehenetsiko dituen etxebizitza sistema aldarrikatu dute bi eragileek. Honela mintzatu da koalizio subiranista: «Premiazkoa da eta posiblea da etxebizitza parke publiko sendoa osatzea, birgaitze politikak bultzatzea, etxebizitza hutsak mobilizatzea, etxebizitza eskuratzeko modu berriak sustatzea eta sarbide justua bermatzea, batez ere gehien behar dutenentzat». Hala, diru publikoa alokairuko etxebizitza parke «publiko, egonkor, eskuragarri eta ez-espekulatibo» bat osatzeko jarri behar dela azpimarratu dute.
«Premiazkoa da eta posiblea da etxebizitza parke publiko sendoa osatzea, birgaitze politikak bultzatzea, etxebizitza hutsak mobilizatzea, etxebizitza eskuratzeko modu berriak sustatzea eta sarbide justua bermatzea»
EH BILDU
Perezek, berriz, adierazi du «etxebizitzen funtzio soziala lehenetsi» behar dela: «Etxebizitzarekin negozioa egiteko aukera mugatu behar da. Hor egin behar da ahalegina eta premiazko neurriak hartu behar dira». Proposamenak ere egin ditu: Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoa tentsio handiko eremu izendatzeko eskatu du, adibidez; administrazioari exijitu dio merkatu pribatuan alokairua ordaindu beharrean alokairu sozialaren eskaintza handitzeko, eta bankuek eta errentatzaileek dituzten onura fiskalak kentzeko. «Presio handiagoa egin behar zaie».
Dekretua bertan behera uzteko alegazioak ere aurkeztu ditu LABek. Sindikatuaren ustez, 2015eko Etxebizitza Legearen aurkakoa da oraingo neurria. «Legeak dio diru publikoak izan behar duela alokairu sozialerako edo etxeak zaharberritzeko, baina orain Gazteria Sailak milioika euro bideratuko ditu, Finantza Institutuaren eskutik, erosketa sustatzera», azaldu du. «Eskandalu hutsa da».
144 milioi euro, abaletarako
Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ekainaren 18an —EAEko Etxebizitza Legearen hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldian— iragarri zuen 144 milioi euro jarriko dituztela abaletarako. «Gaur egungo erronka nagusietako bati» eta «gizartearen eskakizun bati» erantzuna emateko modu bat dela esan zuen orduan lehendakariak, eta proiektua erakunde publikoek eta pribatuek elkarlanean aurrera eramatea goraipatu zuen. Ez zuen ausaz erabaki entitate pribatuak aipatzea, lehendakariak argi utzi baitzuen arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlanean oinarritutako eredua dela etxebizitzaren krisiari aurre egiteko egokiena: «Gure esku dauden alderdi guztietan eragin behar dugu, betiere argi izanda denbora beharko dugula eta egoera ezin duela soilik arlo publikoak konpondu».
Abala hipoteka ordainduko dela bermatzeko fidantza bat da. Hau da, eskatzaileak hipoteka eskatu eta ordaintzeari utziz gero, Jaurlaritzak ordainduko du zati hori. Hala ere, Jaurlaritzak ez du etxebizitza osoaren abala ziurtatuko, zati batena baizik: etxebizitzaren balioaren eta salerosketaren prezioaren aldea, hain zuzen. Bankuek, normalean, ez dute hori estaltzen. Aldearen %80 eta %100 bitartean estaliko du gobernuak.
Laguntza jasotzeko, bestalde, etxebizitzaren prezioak gehienez 340.000 eurokoa izan beharko du. Soldatak ere baldintzatuko du hipotekan laguntza hori jasotzea: pertsona bakar batek erosiko badu etxea, haren urteko soldata ezin da izan 50.400 eurotik gorakoa; eta, bi pertsonak elkarrekin erosiko badute, bi soldaten batuketa ezin da izan 86.400 euro baino gehiagokoa. Gainera, beharrezkoa izango da etxebizitzaren erosleak Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bizi izana abala eskatu aurreko bost urteetatik gutxienez bitan.
Eusko Jaurlaritzak maiatzaren hondarrean onartutako 2025-2027 Etxebizitza Gida Planak beste hainbat neurri ditu. Besteak beste, etxebizitza turistikoak mugatzea, prozesu administratiboak laburtzea eta udalek emandako lurzoruarekin etxebizitza babestuak eraikitzeko erreserba bat osatzea.
LAB ez dago erabat konforme azken aukera horrekin: «EAJk eta PSE-EEk nahiago izan dute merkatu pribatua elikatzeko politikak eta eraikuntza enpresei begirako neurriak proposatu, errotik arazoari erantzun baino. Prezioak jaisteko berehalako neurriak behar dira, baita parke publikoa handitzekoak ere, baina parkea ezin da soilik etxe berriekin osatu. Dagoena mobilizatzeko neurriak behar-beharrezkoak dira».