Batuz Aldatu dinamika izan da urteotan euskalgintzak bultzatu duen ekinbide sendoenetarikoa. 2021ean abiarazi zuten, eta iazko irailaren 26an euskara sustatzeko akordio soziopolitiko berri baterako proposamena aurkeztu zuten, hizkuntza politika aurrerakoiagoetarako irizpideekin. Dinamika horretako talde eragileko kideek irakurri dute Antoniutti parketik abiatu den zutabeko pregoia; Ines Castiellak (Nafar Ateneoko ordezkaria) eta Jasone Mendizabalek (Taupako ordezkaria) hartu dute ordezkaritza. Hizkuntza politiketan jauzi bat egiteko eskatzea izan du helburu, eta arloan aurrera egiteko arduradun politiko eta instituzionalek berebiziko garrantzia dutela gogoratu dute. Horregatik, mezu zuzena helarazi diete, hainbatetan: «Entzun, zuen erantzukizuna da!». Eskea egin diete: «Lidergo instituzional ausarta behar dugu».
Ikusi gehiago
Ikusi gehiago
Dei horren zergatia agerikoa dela gogoratu dute. «Esan beharrik ez dago eremu instituzionalak eta politikoak duen garrantzia edozein hizkuntzaren garapenean». Hizkuntza baten estatusa edo presentzia «indartu, areagotu edo normaldu» dezakete erakundeek, edo, kontrara, «murriztu eta mugatu». Horren garrantziaz ohartarazteko pankarta eraman dute aurrean, Asisko Urmenetak egindakoa. Gustura dantzatu dira, txarangaren doinupean. Atzetik jendea ere pozik joan da, jauzika.
Gogora ekarri dituzte egungo gizartean gertatzen ari diren aldaketa «sakon eta azeleratuak», eta, horiek horrela, esan dute orain dela lau hamarraldiko hizkuntza politiken ikuspegia gainditu eta atzean uzteko garaia dela: «Aldaketa, jauzia, paradigma berria». Hor euskalgintzak, gizarte eragileek eta herritarrek duten «agentzia» gogoratu zuten: «Behin eta berriro erakutsi dugu antolatzeko, proposatzeko eta eragiteko gaitasuna». Horregatik, instituzioei ere eskatu diete «lehen lerroan» jartzeko haiek ere euskararen aldeko konpromisoa.
Eta Batuz Aldatu dinamikan jasotako bi helburu nagusiak ere nabarmendu dituzte. Baga: euskararen ezagutza «unibertsalizatzeko» urratsak egitea. Biga: erabilera normalizatzeko eremuak «sortu eta zabaltzea».
«Udaletatik» hasita
Nabarmendu dute hizkuntzaren normalizazioan eragiteko gaitasuna dutela instituzio guztiek: «Hasi udaletatik eta eremu bakoitzeko gobernu erakunde nagusietaraino». Alderdi politikoei ere egin diete dei: euskararen normalizazioa «lehentasun politiko» bihurtzeko eskatu zieten. Eta, ororen buruan, gizarte eragileak eta instituzioak batera jarduteko deia egin dute: «Guztion altxamendua da hau».
Aldarrioi neurria hartzen laguntzeko aintzat hartzekoa da Batuz Aldatu dinamikaren sendotasuna: 2021ean 99 eragilek egin zuten bat egitasmoarekin, eta 113k aurkeztu zuten ituna iaz. Ordutik, trinkotzen jarraitu du: 140 eragilek baino gehiagok egin dute bat dagoeneko. Aski argigarria da ikustea talde eragileko kideak zein diren, ohartzeko erakunde handi eta itzaltsuak direla. Eta, ez, denak ez dira euskalgintzaren bihotzaren parte. Tartean daude, adibidez, Agirre Lehendakaria Center, Athletic Club fundazioa eta Eusko Ikaskuntza.