Javier Atutxa hil da, Bizkaiko EAJko buruzagi historikoa

Birritan BBBko presidente izandakoaren «karisma eta zuzentasuna» nabarmendu dute jeltzaleek: «Arrasto sakona utzi du»Atzo goizean hil zen, gaixoaldi luze baten ondoren, eta gaur agurtuko dute, Areatzan

Hodei Iruretagoiena
2013ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Masta erdian da ikurrina gaur Sabin Etxean, xingola beltzarekin, Javier Atutxa alderdiko buruzagi historikoaren omenezko doluaren seinale. Atzo goizean hil zen, gaixoaldi luze baten ostean, besteak beste birritan Bizkai Buru Batzarreko presidente izandakoa. 1937ko abenduan jaio zen, Areatzan (Bizkaia); gaztetatik zen EAJko kide, eta urte luzez jardun zuen buruzagitzan. «Erabateko abertzalea, buruzagi karismatikoa eta borrokalari nekaezina». Hala gogoratu zuen atzo EBBko presidente Andoni Ortuzarrek, eta antzeko hitzak izan zituzten harekin alderdian aritutakoek ere. Hiru eguneko dolua egingo dute jeltzaleek. 07:00etan hil zen, 75 urterekin.

Gaztetatik alderdira afiliatua, bi agintaldi bete zituen BBBko presidentetzan: 1988tik 1992rakoa eta 1996tik 2000. urtera artekoa. Gaur egungo Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri pasatu zion lekukoa orduan, baina gerora ere jarraitu zuen EBBko zuzendaritzan, batzar nazionalak hala erabakita. Harreman estua izan zuen gaur egun alderdiko buruzagitzan diren hainbat kiderekin, eta ikur gisa ere ikusi zuten jobuvi (burukide bizkaitar gazteak) belaunaldiko hainbatek. Urkulluren beraren esanetan, «ehunka ardura eta lanordu» bete zituzten batera, eta miresmen hitzak baino ez zituen izan harentzat: «Zintzotasuna, zuzentasuna, prestasuna, leialtasuna, itzulinguruka ibili gabeko zinezkotasuna, bere familiarekiko pasioa... Bere hainbat balio miretsi ditut». Lehendakariak bere blogean kontatu duenez, joan den ostiralean saiatu zen harekin hitz egiten, baina ezin izan zuen, «momentuko emozioagatik».

Kapitain «serio eta zorrotza»

Merkataritza ontzidiko kapitaina zen lanbidez Atutxa, eta munduko bazter ugaritan aritu zen lanean. Hortik datorkio El Capi izengoitia ere; hala esaten zioten alderdiko lagunek. «Ez horregatik bakarrik, bere izaeragatik ere bai, bere bekoki astunagatik», zehaztu zion BERRIAri Juan Maria Atutxa. Familiakoa ez, baina haren herri berean jaioa zen Eusko Jaurlaritzako Barne sailburu izandakoa, «billaroztarra», edo areatzarra. «Egoera ez zen inoiz izan barea, eta izaera serio eta zorrotza erabilita, autoritatea ezartzen zuen alderdi barruan».

Jarrera horren adierazle izan liteke 1996ko irailean El Correo Español egunkariari boikota egiteko proposamena. Gutun bat bidali zien Bizkaiko afiliatu guztiei, lurraldeko buruzagitzak erabakitakoa jakinaraziz. Honela zioen: «Gure aurka ari dira politikoki egunkari horretatik, eta ezin dugu hori pasatzen utzi». Hori dela eta, lau neurri onartu zituzten: egunkari hura ez erostea, hark antolatutako ekitaldi edo programetan parte ez hartzea, publizitaterik ez jartzea eta jarraitzaile jeltzaleen artean jarrera hori bultzatzea.

A laukoitza deitzen zituzten bilkurez ere oroitzen da Juan Maria Atutxa: «[Iñaki] Anasagasti, [Iñaki] Azkuna, [Javier] Atutxa eta [Juan Maria] Atutxa elkartzen ginen, eta bazkari bat egin, eta eztabaida sakonak izaten genituen. Gure agendetan, ipintzen genuenean data bat, 4xA jartzen genuen beti».

Besteak beste, Lizarra-Garaziko akordioaren garaian ere biltzen ziren. BBBko presidente zen orduan Javier Atutxa, eta hura guztia «zuzenean» bizi izan zuela dio Juan Maria Atutxak. «Poz handia adierazten zuen, guztiok bezala, 2011ko urriaren 20ko albiste horrekin [jardun armatuaren amaiera iragarri zuen ETAk], baina uste dut oraindik arantza hori atera barik joan dela beste mundura, herri honen bakea, elkarrekiko errespetua eta ekar ulertzea ez delako oraindik lortu».

Itsasotik lehorrera egin zuen zenbait urtez nabigatzen aritu ondoren, baina ontzigintzarekin lotuta jarraitu zuen ofizioz, Bilboko enpresa batean. Ortuzarren hitzetan, bere herriko errealitate politiko eta ekonomikotik hurbil egon nahi zuen, eta horregatik txandakatu zituen zeregin profesionalak eta politikoak. EBBko presidentearen arabera, Bilboko portuaren suspertzea, Bizkaiko altzairu industriaren birmoldaketa eta teknologia berriak izan ziren haren jardunaren ardatzak. «Beti esaten zuen ez zegoela herri independenterik ez bazen independentzia ekonomikorik lortzen», nabarmendu zuen Ortuzarrek.

Bilbon bizi izanda, lanbidea eta EAJko jarduna bateratu ahal izan zituen urte luzez. Izan ere, EAJko senatari Iñaki Anasagastik Onda Vasca irratian gogora ekarri zuenez, ez zuen sekula kobratu alderdiko lanagatik: «Ez zen edozein, ikur bat zen Bizkaian bere ibilbideagatik. Ez zuen sekula dirurik kobratu EAJtik, eta politika eta lana uztartu zituen. Politika bokazioa zen berarentzat». «Kolpe gogorra» izan da Atutxaren heriotza, Anasagastiren hitzetan, «erreferentziazko buruzagia izan zelako EAJrentzat eta euskal politikarentzat garai gogorretan».

EAJko kideek ez ezik, gainontzeko indar politikoetakoek ere aipatu zuten atzo Atutxa. Doluminak helarazi zizkioten familiari PSE-EEk, PPk, EH Bilduko Laura Mintegik eta CDC Convergencia Democratica de Catalunyak, besteak beste. PSE-EEko kideek jakinarazi zutenez, EAJko kideekin eta Itsaso Atutxa alabarekin —BBBko egungo presidentea da, aita izan zen bezala— harremanetan jarri ziren goizean. Haren izaera «zintzoa eta elkarrizketarako irekia» goraipatu zuen EAEko PPko presidente Anton Danboreneak. «Akordioak lortzeko gaitasuna zuen pertsona zen», esan zuen, eta gogora ekarri zuen hark sustatu zuela 1995ean Bilboko Udalean EAJk eta PPk lortutako akordioa. Mintegik, berriz, «besarkada» bat bidali zion familiari, «une latz hauetan».

Gaur agurtuko dute familiakoek eta ingurukoek buruzagi jeltzalea, bere jaioterrian, hileta elizkizunarekin. Areatzako San Bartolome elizan egingo dute ekitaldia, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.