Jean Dominique Iriart 'Jando' Larraineko auzapez abertzalea zendu da

Larraineko auzapeza zen 2020ko herri bozetatik geroz. Supituki hil da.

Jean Dominique Iriart 'Jando' Larraineko auzapeza, Larraineko herriko etxearen aitzinean, 2020ko uztailean. GUILLAUME FAUVEAU
Jean Dominique Iriart 'Jando' Larraineko auzapeza, Larraineko Herriko Etxearen aitzinean, 2020ko uztailean. GUILLAUME FAUVEAU
Erredakzioa
2025eko uztailaren 28a
15:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Irratiek zabaldu dute berria: Jean Dominique Iriart Jando Larraineko (Zuberoa) auzapeza zendu da gaur, supituki; ez zituen 70 urteak beteak. Larraineko auzapeza zen 2020ko herri bozetatik geroz.

Ezkerrekoa zen Iriart, abertzalea, eta beti borrokatu zen Larraineko lepoko Uturzaetako pasabidea irekirik atxikitzeko, zeinak Hego eta Ipar Euskal Herria batzen baititu. Batez ere COVID-19aren pandemiaren garaian hetsi zuen Frantziako Estatuak mugako bidea, Iriart auzapez izan eta gutira, hain zuzen. 2021ean hetsi zuten lehen aldiz, gero berriz ireki, eta 2023an berriz hetsi, «terrorismoa eta migrazio klandestinoak borrokatzeko»; iaz ireki zuten berriz.

Bestalde, eskola publikoetarako euskarazko murgiltze sistemaren alde borrokatu ziren auzapezen artekoa ere izan zen: errektoretzaren erantzun ofizialik ez izanik ere, Larraineko eskolako ama eskolak euskaraz hasi zuen 2021eko ikasturtea. Ez baitziren berez legez ari, irakasle ohi bat hasi zen klaseak ematen, eta 2022ko irailerako lortu zuten baimen ofiziala. Eredu horretan ari dira geroztik.

Iriart politikan sartu zen gaztetatik, Euskal Herriko Alderdi Sozialistan lehenik. Duela bost urte Mediabaskek egin zion elkarrizketan azaldu zuen alderdi horri bakarrik lotu zitzaiola, eta nahiago zuela libre egon. Pirinio Atlantikoetako Departamenduko hauteskundeetara aurkeztu zuen bere burua 1992an eta 2004an, baita Europako Parlamenturako hauteskundeetara ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.