Telesforo Monzon Laborategiko kidea

Malen Dominguez Zabala: «Jendarteak borondate argia du erreferendum baten bidez etorkizun politikoa erabakitzeko»

Burujabetzari eta aktualitateko beste gai batzuei buruzko iritziak eta joerak bildu ditu Naziometroak azken bost urteetan. Datu horietaz eta gizartearen joerez ariko dira astelehenean, Bilbon egingo duten jardunaldi batean.

Malen Dominguez Zabala. GORKA RUBIO / FOKU
Malen Dominguez Zabala. GORKA RUBIO / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Malen Dominguez Zabala (Donostia,1997) soziologoa da, eta TMeLab Telesforo Monzon Laborategian aritzen da. Haren ustez, gorantz doa euskal lurraldeen arteko kohesioa handitzearen aldeko joera. Naziometroak azken bost urteetan egindako inkestak ondo xehatuak ditu hori ondorioztatzeko. Horretaz eta bost urteko ibilbideak utzitakoaz egingo dute gogoeta, astelehenean, Bilbon, Naziometroaren bosgarren urtemugaren harira antolatu duten jardunaldian. Izen ematea irekita dago.

Independentziaren eta euskal estatu baten inguruko pertzepzioak bildu nahi izan ditu Naziometroak azken bost urteetan. Zergatik?

Alderdi politiko batzuek aipatzen dute independentziaren eta euskal estatuaren beharra dagoela proiektu politiko gisa, azken jomuga gisa, eta erdibideko prozesu batean autogobernuari buruz ere hitz egiten dute. Uste genuen hori dena nolabait josi egin behar zela. Datuez hornitu nahi genituen diskurtso horiek, euskal jendarteak horren inguruan pentsatzen duena benetan islatzeko, batetik, eta zurrumurruetan oinarrituta ez jarduteko, bestetik. Hain zuzen, horregatik da euskal burujabetzaren barometroa. Iruditzen zitzaigun inkesta nazional batean iker genitzakeela jendarteak nolako pertzepzioa daukan gai horien inguruan, diskurtso politikoetatik at.

Zein bilakaera izan dute datuek?

Testuinguruak erantzunak baldintzatu ditu. Naziometroan, burujabetzari buruz ez ezik, puri-purian dagoen gai jakin bati buruzko inkesta bat ere egiten dugu. Adibidez, pandemian, osasun sistemaz galdetu genuen, eta egur dezente jaso zuten osasun sistemek. Eta ikusi dugu eskubide sozialen aldarrikapenek, bai ekologismori eta bai feminismoari lotutakoek, zera ekarri dutela, bere burua gobernatzeko eskubidearen berpizte moduko bat. Erabakitzeko eskubidearen aldeko jarreraz galdetzen hasi ginenetik, %52tik gorakoa da gutxi gorabehera. Eta azken neurketan igoera nabarmena izan du, maiatzekoan %62,7ra arte igo baitzen.

Zer dago igoera horren atzean?

Batzuetan gertaera jakin batzuek eragiten dute zure iritzia irmoagoa bihurtzea gai jakin batzuen inguruan, baina tentuz ikusi beharko dugu hurrengo urtean ere nolako bilakaera izaten duen. 

Aipatzen zenuten bilakaera aztertzea inportantea zela. Zergatik?

Garrantzitsua da bilakaera aztertzea: batetik, garai jakin batzuetan kanpo gertaerek eragina izan dezaketelako, eta, bestetik, denboran zehar ikertzeak beste begirada bat ematen dizulako. Hurrengo udaberrian egingo dugun inkestak ez du datu bera emango, eta ikusi beharko da zer eragin duten azken hilabeteetako gertaerek. Baina, oro har, orain arte ikusi dugu euskal jendarteak borondate argia duela erreferendum baten bidez gure etorkizun politikoa erabakitzeko. 

Zer galdetzen duzue zehazki?

Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan eta Euskal Hirigune Elkargoan adostasun politikoa egongo balitz lurralde honen etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzeko, Espainiako edo Frantziako estatuak onartu edo debekatu egin beharko luke erreferendum hori? Jendeak egoera horren planteamenduari erantzuten dio.

Nola baldintza dezake galdera egiteko moduak?

Galdera bat planteatzen ari zarenean, joko zelai bat jartzen ari zara. Erantzuten duenak joko zelai horrek baldintzatuta erantzuten du, alde batera edo bestera. Zure bizi kalitatean eragin dezakeen elementuren bat aurkitzen baduzu galderan, tentuz erantzuten duzu. Burujabetza neurtzeko inkesta bat da gurea, saiatzen gara objektibotasun bat mantentzen, baina inkesta guztiak daude baldintzatuta, guztiek dute lerratzeren bat.

Eta zertaz ohartu zarete?

Berebiziko garrantzia dauka alde edo kontra agertzerakoan erreferendum hori babestua den edo ez. Euskal erakundeek oniritzia ematea, eta Espainiako eta Frantziako estatuek ontzat jotzea, alegia. Aldeko egoera hori planteatzen zaienean inkestako galdetegian, nabarmen egiten du gora erreferendumaren aldekotasunak. Gatazka egoera batean planteatuz gero, aldiz, apaldu egiten da datua. Denoi ematen digu beldurra gatazkak; ez dugu nahi gure ongizatea zalantzan jartzea: ziurtasunak nahi ditugu. 

Kataluniako prozesuarekin gertatukoaren itzala egon liteke?

Bai, bai. Izan liteke. Han egondako errepresioak, Eskozian gertatutakoak ere... nazioarteko esperientzien eragin positiborik ez dugu. Agian, horixe falta da jendeak are indar handiagoz egin dezan horren alde. 

Dena den, azken bost urteetako joerak erakusten du erdiak baino gehiago aldekoak direla galdeketa egoera jakin batzuetan eginez gero, ezta?

Bai, hori da. 2020an, %63,2koa zen. Pandemian, %55era jaitsi zen, eta gero berriz igo zen. %52 eta %67 artean egon da. Beti erditik gora. Eta, gainera, kontrakotasuna pixkanaka jaitsiz joan da. 

Unean uneko gertaera politikoek ere eragina izan dezakete erantzunean?

Orokorrean gertaera politikoek eraman dezakete norbera bere segurtasunen bila aritzera, gatazka sortuko ez duten egoerekin atxikimendu handiagoa izatera. Baina Naziometroak erakutsi duenez, burujabetzaren aldeko aldarria bada, nahiz eta ezegonkortasun politikoko garai batean edo COVID osteko garaian egon. Gainera, hauteskundeetako emaitzek urtez urte erakutsi dute alderdi abertzaleak indarra handituz joan direla. Guztiz lotuta doa Naziometroan jasotzen ditugun datuekin; azkenean, jendeak norbere bizitza hobetzeko, bertako instituzioek ahalmen juridiko gehiago edukitzeko aldarriaren joerak egin du gora. 

Bosgarren urtemuga dela aintzat hartuta, zer asmo du asteleheneko jardunaldiak?

Naziometroan bost urte hauetan ikusi dugun bilakaeraz aritzea da asmoa. Eta ikusi dugunez, lurralde kohesioaz aritzean, oso agerikoa da lurralde administratiboek harremanak sakontzea nahi duela jendeak; hain zuzen, arlo ekonomikoari, sozialari eta osasun arloari buruzkoetan, eta hezkuntzari eta euskararen sustapenari dagokienez. Lurralde ezberdinetako jendea biltzea da asmoa, gogoeta egiteko harreman horiek sakontzearen inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.