'Egunkaria' auzia

Jende asko bildu da Iñaki Uriaren aldeko elkarretaratzean

1990eko abenduaren 6an, gaur hamahiru urte, ikusi zuen argia aurreneko aldiz 'Euskaldunon Egunkaria' euskarazko kazetak. Data hori gogoan hartuta, Espainiako Auzitegi Nazionalak 'Egunkaria'-ren aurka egindako operazioaren ondorioz oraindik espetxean den lagun bakarra, Iñaki Uria, askatzeko galdegiteko elkarretaratzea egin da Durangoko Azokaren atarian. Jende asko batu da ekitaldi horretan.

2003ko abenduaren 6a
15:40
Entzun
Elkarretaratzea eguerdiko 13:00ean hasiko da, Durangoko Azokako sarrera nagusian, eta jende asko bildu da 'Egunkaria'-k langile ohiek paratutako pankartaren atzean. 'Iñaki Uria askatu, Egunkaria aurrera' zihoen oihalak.

Pankartari eusten ziren, besteak beste, Martxelo Otamendi 'Berria'-ko zuzendari eta 'Egunkaria'-ko zuzendari ohia, eta Joan Mari Larrarte 'Egunkaria'-ko langileen bozeramaile izan zena eta 'Berria'-ko Administrazio Kontseiluko idazkaria. Halaber, elkarretaratzean parte hartu dute Joxean Lizarribar 'Berria'-ko Administrazio Kontseilukolehendakariak, Juango Ziarrusta Durangoko alkateak, Jon Irazabal Durangoko Azokako zuzendariak, Anton Mari Aldekoa-Otalora Azokako zuzendari ohiak, Jose Mari Esparza Txalaparta argitaletxeko editoreak, Euskalgintza Elkarlaneaneko Mari Jose Irizarrek eta Noel Elorga enpresaburuak.

Joan den otsailaren 20an Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz itxi ez balute, 'Euskaldunon Egunkaria'-k gaur hamahiru urte beteko lituzke. Hain justu, kazeta hura ixteko operazioan atxilotutako hamar lagunetako bat da Iñaki Uria —'Euskaldunon Egunkaria'-ko sortzaile eta Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkaria—, 'Egunkaria' auziagatik oraindik espetxean segitzen duen bakarra. Orduan atxilotutako Xabier Alegria ere kartzelan da oraindik, baina une honetan ez 'Egunkaria' auziagatik, Udalbiltzaren inguruko sumarioagatik baizik.

Espainiako Gerra garaian epe labur batez atera zuten 'Eguna'-ren ondoren, euskara hutsezko lehendabiziko eguneroko berripapera izan zen 'Egunkaria'. Hura itxi ondoren etorri ziren 'Egunero' eta 'Berria'.

'Berria'-ren aldeko herrietako batzordeetako kideen bazkaria

Hain zuzen ere, 'Berria' egunkariak karpa bat jarri du gaur Durangoko Azokaren ondoan, akzioak, kamisetak eta bestelako hainbat gauza eskuratu nahi dituzten guztientzat. Halaber, 'Berria' sortzeko ahaleginean Euskal Herri guztian lanean ibili diren herri batzordeetako kideek bazkaria dute gaur Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. 14:30ean zegoen jarrita bazkaritarako ordua, baina, azkenean dezente atzeratu da hasiera. Dena den, 200 bat lagun bildu dira, pozik eta 'Berria'ren alde egindako lanarekin gustura. 16:30etan Alaitz eta Maiderren kontzertua hasiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.