Pedro Jose Frances. Idazlea

«Jendearen pentsamendua aldatuz gero, konponbidea berez etorriko da»

2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Malko artean mintzo da Pedro Jose Frances (Buñuel, Nafarroa, 1957) 1936ko udak Buñuelen utzi zituen ondorioei buruz. Biziki lan egin du uda beltz hark utzi zituen arrastoak azaleratzeko. Ez omen du atsedenik hartuko faxismoak eta nazional-katolizismoak hildako buñueldar guztien oroitarria jarri arte. Datorren astean liburu bat aurkeztuko du, Como la mula al surco.

Ez al da arriskutsua horrelako liburu bat argitaratzea?

Bai, oso arriskutsua da. 75 urte hauetan, bi bertsio oso ezberdin egon dira: garaileena eta galtzaileena. Garaileen bertsioak gaizkiletzat hartu izan ditu hildako horiek. Luis Tajafuerce Moralesen bizitzak galtzaileen bertsioa kontatzen du. Zaila da ulertzea hain herritar xumeak inolako zigorrik gabe hil zituztela; hildakoak Tajafuerceren parekoak ziren. Horregatik da hain arriskutsua liburua, garaileen bertsioa ezbaian jartzen delako.

Nola lortu duzu informazioa?

Idazki hau Luisen seme batek utzi zidan. Irakurri nuenean, biziki hunkitu ninduen, eta argitaratzea proposatu nion. Hark baietz erran zidan hasieran. Lana bukatutzat eman nuenean, Buñuelgo alkateari eskutitz bat bidali nion, liburua aurrera ateratzeko laguntza eskatuz. Luis Tajafuerce bizi zen kaleari haren izena jartzea ere proposatu nion. Ez dit oraindik erantzun. Are gehiago: erantzun beharrean, Luisen semearengana jo eta hura beldurtu zuen. Semeak, orduan, liburua ez argitaratzeko eskatu zidan. Lotsagarria da; oraindik ere, seme-alabak gurasoez lotsarazten dituzte. Hala ere, nik aurrera jarraitu dut liburuarekin.

Como la mula al surco. Zergatik izen hori?

Gaztelaniazko esaera bat da. 1936ko abuztuaren 26an, furgoneta batek herri guztiko 26 biztanle bildu eta gau horretan bertan hil zituzten. Tajafuerceren bila ere joan ziren, baina ez zuten harrapatu. Hark, ondoren, frankistekin bat egin zuen. Gerrako komandante batek armadarekin zergatik bat egin zuen galdetzean, halaxe erantzun zuen: «como la mula al surco». Erran nahi du bertzerik ezin zuela egin, kolpeak behin eta berriz jasotzen zituelako.

Hil honen 25ean aurkeztu nahi duzu liburua. Buñuelgo Udalaren jarrera salatu duzu.

Bai, hala da. Ez dago baieztapen ofizialik, baina nire susmoa da Buñuelgo Udalak gobernu zibila estutzen duela omenaldirik ez egiteko. Duela egun gutxi, Guardia Zibila nire etxera etorri zen, hilaren 25ean ezingo genuela liburua aurkeztu ohartaraztera. Hala ere, gobernu zibilarekin akordio batera iritsi nintzen, eta, azkenean, eginen dugu. Uztailaren 23an egin genuen omenaldian ere, udalak ahal zuen guztia egin zuen hura egin ez zedin. Ez zizkigun herriko altzariak erabiltzen utzi, guardia zibilek inguratu gintuzten, omenaldiaren ibilbidea aldatu zuten... Hilaren 26an eginen dugun ekitaldian ere zer gertatuko den ez dakigu oraindik.

Herriko jendeak zer dio horri buruz?

Buñuelgo bizilagun askok gogoa dauka kontu hauetan parte hartzeko, baina 1936an hildakoen senitarteko oso gutxi dago tartean. Hala ere, hori ez da Buñuelen bakarrik gertatzen. Umezurtz askok ezer gutxi daki gerran parte hartu zuten bere senitartekoei buruz. 75 urte itxaron dute hildakoen memoria aldarrikatzeko, eta orain egiten hasteak lotsa ematen dien beldur naiz. Nire ustez, zailena jendearen pentsatzeko modua aldatzea da, jendeak pentsa dezala gertatu zena injustizia eta hondamendia izan zela. Jendearen pentsamendua aldatzen badugu, konponbideak berez etorriko dira. 1936an hiltzaile izan zirenen bilobak etorri zaizkit idatzi nuen aurreko liburuaz zoriontzera. Hildakoen bilobarik, ordea, ez da hurbildu niregana.

Astebete barru eginen duzue bertze omenaldi bat. Nola doaz gauzak?

Alde guztietatik izan ditut oztopoak. Ekitaldi hori egitea proposatu nuen egunetik, ekainetik zehazki erranda, trabak bertzerik ez dut izan. Ibilbidea oraindik zehazteko dago. Udalak erraten duenaren araberakoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.