Iñigo Cabacasen heriotza. Mobilizazioak

Jendetza bildu da Ertzaintzaren aurrean egindako eserialdian

Polizien «arma eta estrategiak» aldarazteko, mobilizatzeko esan diete 40 gizarte eragilek herritarrei: «Ez dugu beldurrez bizi nahi»Protestarako deia egiteko agerraldia egin dutenei oldartu zaizkie ertzainak goizean

Ehunka pertsonak bete zuten Zabalburu plaza, eserita, Ertzaintzaren bortizkeriaren aurka egindako protestan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko apirilaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ardurak argitzeko eskaerak, protestak, tentsioa eta liskarrak. Berotuta dago giroa Bilbon. Ertzainen gomazko pilota batek buruan jota Iñigo Cabacas Lizeranzu hil izanak eta gaiaren inguruan Herrizaingo Sailak izan duen jarrerak mina eta haserrea eragin du. Eskaera asko egiten ari dira gertaera «benetan» argitzeko eta Ertzaintzak «herritarren kontra erabiltzen dituen arma eta estrategiak» aldatzeko. 40 bat gizarte eragilek horixe aldarrikatzeko agerraldia egin zuten atzo goizean EAEko Auzitegiaren aurrean. Kalera lasai atera nahi dutela adierazi zuten. Ertzainen bortizkeria amaitzeko eskaera, ordea, liskar bihurtu zen. Borrekin kolpatuta amaitu zuten agerraldian parte hartu zutenetako batzuek, eta identifikatuta. Iluntzean, jendetzak egin zuen protesta Zabalburuko ertzain etxearen aurrean, eserita. Ertzainik ez zen agertu, eta ez zen liskarrik izan.

Goizean, 11:00etarako jarria zuten prentsaurrekorako ordua eragileek. Euria goian-behean ari zuela eta, auzitegi aurreko aterpean sartu ziren, sarrerako eskaileretan. «Herritarrok ezin dugu gehiago», hasi zuten agerraldia.Cabacasekin gertatutakoarekin «minduta» daudela azaldu, eta «halakorik berriro gerta ez dadin» ahal duten guztia egingo dutela jakinarazi zuten.

Eragileen ustez, Ertzaintzak «denbora luzean herritarren kontra erabilitako arma eta estrategia» izan da Cabacas «erail» duena. Indautxun gertatutakoa «edalontzia bete duen azken tanta» izan dela eta aurrez ere Ertzaintzak herritar asko zauritu dituela ohartarazi zuten.

«Ez dugu beldurrez bizi nahi. Kalera beldurrik gabe atera nahi dugu». Egoera irauli beharra dagoela esan, eta gizarte eragileak horixe egitera doazela azaldu zuten. Horretarako, «erantzukizun politiko eta zibilak» eskatu zituzten, eta gomazko pilotak zein «bestelako eraso armak» behin betiko baztertzeko.

Herritarrei eskatu zieten ez dezatela «beste aldera begiratu» eta mobiliza daitezela, eta iluntzean Zabalburu plazan Ertzaintzak duen egoitzaren aurrean eserialdia egitera deitu zituen.

Horixe esaten amaitu, eta bultzaka, handik joateko esanez atera zen kaleko jantzitako ertzain bat auzitegitik. Prentsaurrekoan ari zirela eta bost minutuz itxaroteko eskatu zieten herritarrek.

Parte hartzaileei argazkiak egiten hasi zen ertzaina, horien haserrerako. Agerraldian parte hartu zuen pertsona bat ere ertzainari argazkiak egiten hasi zen, eta sutan jarri zen hura. Protestaria harrapatzeko agindu, eta beherago borra eta guzti zeudenek atzeman zuten gaztea. Lurrera bortitz bota zuten. Identifikatzeko eskatu, eta ezetz erantzun zien mutilak ertzainei; bere argazkia atera zuena identifikatutakoan emango ziela berak ere nortasun agiria.

Oihuak eta tentsio uneak izan ziren nagusi, eta ertzainek borraz kolpatu zuten gaztea. Baita inguruan zituenak ere. Denbora luzez liskar artean egon ondoren askatu zuten, identifikatu ondoren. Protestariak ez zuen ertzaina nor zen jakiterik lortu. Beste dozena erdi bat lagunen datuak ere hartu zituzten ertzainek.

Liskarra amaitu eta gutxira, 12:00etan, elkarretaratzea egin zuen Bilduk Bilboko udaletxeko eskaileretan. Bilboko Udaleko EAJk, PPk eta PSE-EEk bilkura antolatu ez izana salatu zuen Helena Gartzia zinegotziak: «Bortxazko heriotza nork eragin duen arabera, lehen mailako eta bigarren mailako herritarrak daude».

Iluntzean, eragileek egindako deiari erantzunez, eserialdia egin zuten ehunka lagunek Zabalburu plazan. Plaza bete jendek, eserita eta kartelak eskuetan, ertzainen jarrera bortitza salatu, eta Aresen dimisioa eskatu zuten, oihuka. Protesta ertzain etxearen aurreko plazan izan arren, ertzainik ez zen joan protesta zelatatzera. Udaltzainak ibili ziren inguruetan, eta ez zen inolako liskarrik izan.

Gaur, senideek deituta

Gaurko, Cabacasen senide eta lagunek deitu dute mobilizaziora. Basauriko Arizgoiti plazan 20:30etik aurrera hamabost minutuko elkarretaratze isila egingo dutela iragarri dute, hedabideetara oharra bidalita. Iñigo, 'Pitu', beti gurekin. Ez dago eskubiderik lelopean egingo dute protesta, eta hildakoaren omenez bertan parte hartzeko eskatu diete senide eta lagunek herritarrei. Basauriko Udalak bat egin du deiarekin.

Igandean, Athleticek eta bertako zaleek erakutsiko dute dolua. Javier Aldazabal klubeko idazkariak atzo jakinarazi zuenez, Mallorcaren aurkako partida hasi aurretik, minutu bateko isilunea egingo du klubak San Mamesen, «senideei elkartasuna eta babesa erakusteko». Halaber, «bai orain eta bai etorkizunean familiaren ondoan egoteko konpromisoa» hartu du Athleticek.

Igandeko partidara manifestazio isilean joango dira Athleticeko peñak. 16:30ean abiatuko da martxa isila, Plaza Eliptikotik. Partidan, zati bakoitzeko lehen bederatzi minutuak isilik egingo dituzte zaleek. Cabacas hilaren 9an zendu zela gogoratuko dute horrela. Zaleei beltzez jantzita joateko deia ere egin diete peñek.

Bestalde, goizean agerraldia egin duten eragileek jakinarazi dute gomazko piloten eta polizien bortizkeriaren aurka datorren astean nazio manifestazioa egiteko aukera aztertzen ari direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.