«Inposatu nahi duten blokeoa ikusita subjektu pasibo izateko ez gaudela prest erakutsi dugu». Horrela laburbildu du Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak atzo Donostian gertatutakoa. ELAk, LABek, ESK-k, EILASek, EHNEk eta Hiruk osatzen duten gehiengo sindikalak egindako deialdiari jendetzak erantzun dio, eta Donostiako kaleak hartu ditu. Kolore askotako jendea batu da. Denak elkar hartuta agertu dira, sindikatuen arabera «indefentsio egoerak sortuz» elkar hartuta ari diren Espainiako botereen kontra. Jardun politikoan aritzen direnak atxilotzearen eta espetxeratzearen kontra.
Euskal Herriko indar subiranista guztiak batu dira, historian gutxitan bezala. Paradoxikoa den arren, horixe egin nahi izatea leporatzen die Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak ezker abertzalearen kontra asteartean abiatutako polizia operazioan atxilotu eta espetxeratutakoei. ETAren aginduz «ezker abertzalea beste eragile politiko eta sozial subiranista edo independentistekin elkarlanean ari dadin saiatzea, batez ere Eusko Alkartasunarekin». EAk ez ezik, EAJk, Aralarrek, Hamaikabatek, Alternatina Eraikitzenek, Abertzaleen Batasunak eta hainbat eragilek ere bat egin zuten deialdiarekin. Guztien arteko elkarlana abiatu denik ezin esan, baina arrazoi batek batu ditu, behinik behin.
17:00ak pasatxo zirela ireki dute Askatasunaren alde. Eskubide guztiak guztiontzat leloko pankarta. Sindikalistek eutsi diote, erdian Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide ELA eta LABeko idazkari nagusiak direla. Haien atzean pilatu dira politikariak. Besteak beste, EAJtik Xabier Arzallus EBBko presidente ohia, Joseba Egibar, Andoni Ortuzar eta Iñaki Gerenabarrena; ezker abertzaleko Tasio Erkizia, Jone Goirizelaia eta bezperan Auzitegi Nazionaleko ziegetatik atera zirenak, Rufi Etxeberria eta Txelui Moreno; Aralarreko Mikel Basabe, Aintzane Ezenarro eta Rebeka Ubera; EAko Pello Urizar, Jesus Mari Larrazabal eta Mayorga Ramirez; eta Hamaikabateko Felix Arrieta eta Izaskun Trabudua. Alternatiba Eraikitzeneko Oscar Matute eta EBko Antton Karrera ere manifestazioan izan dira, baina herritarren artean. Eta politikari guztien atzetik, herritarrak batu dira. Herritar asko, milaka.
Martxa abiatu dutenean txalo zaparrada bat entzun da, eta «Atxilotuak askatu!» oihuka hasi dira. Jendea dute zain bidean. Alderik alde jendea. Txalo ugari entzun dituzte pankartan joan diren antolatzaileek. Bazterrean zain dituztenek txaloka hartu dituzte. Atxilotuen askatasuna eskatzeko oihuak izan dira nagusi, baina ez dira bakarrak izan. Asko entzun dira «euskal presoak etxera» eta «demokrazia Euskal Herriarentzat» ere. «Independentzia» eta «Batasuna aurrera!» ere entzun dira. San Martin kalera sartzen hasi direnean «PSOE-GAL berdin da!» entzun da, eta geroago ere errepikatu dute. Jon Anza desagertutako etakideari erreferentzia eginez, «Jon non dago?» ere oihukatu dute.
Txalo eta oihu artean, ordu eta erdi inguru behar izan du pankartak Antiguako zubitik Bulebarrera iristen. Ertzainak daude han, kamino bazterrean beren kaputxa eta guzti. Mikel Laboa zena entzuten da bozgorailuetatik. Pankarta agertokira iritsi denerako, jendez lepo dago Bulebar osoa. Burua besterik ez da ikusten, eta ikurrin handi bat, Nafarroako bandera, arrano beltza eta amnistia aldarrikatzen duten bandera batzuk. Manifestazioaren amaierarik ez da ageri. Urruti dago amaiera, oraindik San Martin kalean sartzeko, Mirakontxan.
Txalo zaparrada gogorra entzun da pankarta agertokira igo denean. Parte-hartzaileei eskerrak eman ostean, Fermin Balentzia abeslariari eman dio bide aurkezleak. Gogoz abestu ditu hark bi kanta, bildutakoen laguntzaz: Mixel Labegeireren Gazteri berria eta Eiha eiha herrikoia.
Ainhoa Etxaide eta Adolfo Muñozek sindikatuak adostutako testua irakurri dute gero. Sindikatuak pozik agertu dira deialdiari herritarrek eman dioten erantzunarekin. «Ezberdintzen gaituena alde batera utzita, egoera hauen aurrean analisiak konpartitu eta manifestazio hau elkarrekin deitzeko gai izatea erabat positiboa dela pentsatzen dugu, eta egindako lan horren fruitua zuek guztiok Donostiako kaleetan eman duzuen erantzun paregabea izan da, mila esker guztioi», esan dute. Gizarteak halako ekimenak behar eta eskatzen dituela ulertzen dute, «jendartea bera eta konkretuki gure eskubideak aldarrikatzeko kalera ateratzen garen langileok protagonista egiten gaituzten iniziatibak».
Operazio «larria»
Atxilotuei eta haien senitartekoei babesa ematea izan da egin duten aurreneko lana. «Atxilotuak askatu» oihukatuz erantzun diote herritarrek. «Larria» iruditzen zaie Garzonek abiatutako polizia operazioa. Jarduera politikoan aritzeagatik atxilotu eta preso sartutakoak libre uzteko eskatu dute, eta baita Espainiako Alderdien Legea indargabetzeko ere. «Aukera politiko eta sozial jakin bat desagerrarazteko ari dira baliatzen». PPk zein PSOEk 2001ean sinatu zuten akordioaren ondorioz «genozidio politikoa» abiatu zela salatu, eta hori amaitu egin behar dela aldarrikatu dute.
Justizia «helburu politikoekin» erabiltzen du Espainiak, Euskal Herriko gehiengo sindikalaren irudiko: «Horren adibide ditugu, Euskal Herrian disidentzia politikoaren aurka egiteko Auzitegi Nazionala bezalako epaitegi bereziek egunero erabiltzen dituzten lege eta salbuespen neurriak». Hala, erakunde publiko, sozial eta komunikabideen kontra egindako erasoak eta «kriminalizazioa» salatu dituzte, bereziki; «gutxieneko berme juridikorik ez duten prozesuak». Jarrera «antidemokratikoa, autoritarioa eta errepresiboa» izatea egotzi diote Espainiako estatuari.
Espainiak «errealitate nazional desberdinak» ez dituela onartzen salatu dute sindikalistek, eta Euskal Herriari eskaintzen dion aukera bakarra gatazka luzatzea dela gaitzetsi dute. Hain justu, beraien arabera horixe ikusi da Garzon epaileak asteartean abiatu zuen polizia operazioarekin. Baina egoera onartzeko eta horretan etsitzeko prest ez daudela aldarrikatu, eta konponbide demokratikoa lortzeko bidean lan egiteko konpromisoa berretsi dute.
«Estatu arrazoia indartzeko, politika errepresiboa espektakulu bihurtu izana» ere salatu dute, inputatuek beraiek polizia operazioaren berri jakin aurretik «komunikabideek presente egoteko pribilegioa» izaten dutelako. Kezkatu egiten ditu, gainera, komunikabide horien jarrerak: «Jendarteari gatazkak ulertzeko informazio argi eta garbia eman eta boterea kontrolatu beharrean, guztiz kontrako jarrera hartzen dute, eta kontrolatzeko desinformatzea izaten da euren lana». Gainera, «beren burua demokratikotzat» jotzen duten «gure inguruko herriekin» ere kezkatuta daude. Egoera honekin arduratu egin behar luketela uste dute, baina «bost axola» diela salatu dute.
Kantuz hasitako ekitaldia kantuz amaitu da. Hiru sindikalista igo dira agertokira, eta ezker ukabilak gora igota Internazionala kantatzeari ekin diote. Gauza bera egin du jendetzak. Hura amaitutakoan, Eusko Gudariak abesten hasi dira, eta hari ere indartsu jarraitu diete herritarrek.