eliza

Jesus Lezaun apaiza zendu da

Atzo iluntzean hil zen Iruñean, 84 urte zituela. Konpromiso handia erakutsi izan du Euskal Herriarekin. Bihar erraustuko dute eta hileta elizkizuna etzi izango da.

2010eko urtarrilaren 16a
20:04
Entzun
Eliz arloko ahots kritikoetako bat hil da: Jesus Lezaun apaiza (Aritzala, Nafarroa). Atzo iluntzean zendu zen Iruñean, Artzain Onaren egoitzan, 84 urte zituela, bihotzekoa izanda -lehen ere eduki zituen arazoak, eta ebakuntza egin zioten-. Egoitza hartan bizi zen azkeneko lau urtean.

Bihar erraustuko dute, 12:00etan Iruñeko hilerrian, eta errautsak Aralarren zabalduko dituzte. Lezaunen aldeko hileta elizkizuna etzi izango da, Iruñeko parte zaharrean: San Agustin elizan, 19:00etatik aurrera.

1948an apaiztu zen, Erroman. Besteak beste, 1965-1967 artean Iruñeko seminarioaren zuzendari izan zen, baina frankismoak kargutik kendu egin zuen. Elizaren ildoa maiz kritikatu izan zuen hark. Gizarteko beste hainbat gaitan ere busti izan zen jendaurrean: euskaltzalea zen, Espainiako errepresioaren aurka agertu zen sarri, Euskal Herriaren autodeterminazioaren alde egiten zuen, euskal presoen eskubideen alde ere bai, baita bide baketsuen alde ere, abertzale aurrerakoien bat-egitearen alde zegoen, gizarteko arlo txiroenekiko konpromisoa zeukan...

Joan den azaroan Euskal Memoria Fundazioa aurkeztu zuen Iruñean, beste hainbat lagunekin batera, XX. mendetik honako Euskal Herriaren historia berreskuratzeko asmoz.

Hainbat artikulu idatzi zituen Lezaunek hedabideetan; besteak beste, Egunkaria-n eta BERRIAn.

Iaz Castor Olcoz-ek hari buruzko biografia aurkeztu zuen: Jesus Lezaun. La afonía de Ezequiel (Txalaparta). Hemen pasarte bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.