Jo egin zutela eta zerbait arnastera behartu zutela salatu du Otañok

Senideen aurkako mehatxuak, lur jota geratu arteko posturak, irainak eta kolpeak salatu dituzte Otañok eta IgerategikIgerategi: «Oso gaizki ikusi ninduen auzi medikuak; ez nintzen ausartu ezer esatera»

Tolosako suhiltzaileak atzo euren lankide Iñaki Igerategiren alde mobilizatu ziren. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
2012ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
«Oraingoz zure alabak koinatarekin utzi ditugu, baina beste toki batera eraman ditzakegu. Beharbada, zure emaztea atxilotu beharko dugu...». Mehatxu hori egin zioten guardia zibilek Iñaki Igerategiri atxilotzerakoan. Hasiera besterik ez zen. Inaxio Otañok eta Iñaki Igerategik abokatuekin luze egoteko aukera izan dute, eta inkomunikazioan jasandako tratu txarren gaineko xehetasunak eman dituzte. Otañoren kasuan, galdeketetako batean, «usain bereziko substantzia bat» arnastera behartu zutela esan du. «Nerbioak nabaritu nituen. Hankak ezin nituen geldirik eduki; oreka galdu nuen, eta eskuak eta besoak oso hotz nabaritzen nituen». Igerategik, berriz, konortea galduarterainoko galdeketa egin ziotela azaldu du.

Bi kasuetan, tratu txarrak Madrilerako bidean hasi ziren. Otañoren kasuan, autoan zihoala guardia zibilak galdetzen hasi zitzaizkion, eta hark erantzun zien epailearen aurrean soilik deklaratuko zuela: «Erantzunak asko haserretu zituen». Barrabiletan kolpeak eman zizkiotela azaldu du Otañok. Igerategik bere kontakizunean azaltzen duenez, bidaian berehala hitz egiten hasi ezean «tokiren batean geldituko» zirela mehatxu egin zioten.

Okerrena, ordea, Guardia Zibilen egoitzan izan zela nabarmendu dute biek. Igerategiren arabera, bero egiten zuen gela batean sartu zuten. «Antifaz bat jarri zidaten begietan; ez nuen ezer ikusten. Ate bat ireki zen, eta barruan sei bat arnasketa entzun ziren. Norbaitek paparretik heldu eta barrura sartu ninduen». Ezin zuen ikusi, baina guardia zibil asko nabaritzen zituen inguruetan. «Batzuetan, tentsio momentuetan, ezkerreko pareta eta nire artean norbait sartzen zen; beste batzuetan, atzetik zetozkidan». Bere bikotekidea alboko gelan zegoela esan zioten, eta handik gutxira emakume baten oihuak entzun zituen. «Bera zela uste nuen». Orotariko mehatxuak egin zizkiotela esan du Igerategik. Bikotekideari ETArekin lankidetzan aritzea egotziko ziotela, poltsa jarriko ziotela, bere alaben bizimoduaren gaineko detaileak...

Hamar orduko galdeketa

Otañoren arabera, bigarren galdeketa izan zen «gogorrena». Haren arabera, kolpeak eman zizkioten bularraldean, bizkarrean, barrabiletan... Emaztearekin eta haurrekin ere mehatxu egiten zioten. Une batean, substantzia bat arnastera behartu zuten. «Pikante usaina nabaritu nuen». Mozorroaren tarteetatik ikusi zuenez, «masa moduko bat egin eta su ematen zioten», arnas zezan. Substantzia erretzeko erabiltzen zuten ontziaren zati bat galtzetan sartzea lortu zuela eta auzi medikuari eman ziola azaldu du. Gainera, elektrodoak jartzeko itxurak edo zainetan ziztada modukoak egin zizkiotela salatu du.

Igerategiren kasuan, galdeketa luzeak orientazioa galtzea eragin zuen. «Nekea eta dardarak» gainera etorri zitzaizkion. «Ezin nuen gehiago zutik eutsi mugitu gabe. Lokartzera nindoala, eutsi egiten ninduten». Ahoa lehortuta zuen, eta ahotsik gabe geratzen ari zela nabaritu zuen. Hala ere, garrasi ez egiteko esan zioten oihuka: «Ez nekien garrasika edo ahotsik gabe ari nintzen». Une batean oreka galdu zuela uste du, baina ez du gogoan lo geratu zen edo konortea galdu zuen. Auzi medikuarengana eraman zuten. «Oso gaizki ikusi ninduen, eta tratuari buruz galdetu zidan. Ez nintzen ezer esatera ausartu, eta ez galdetzeko eskatu nion».

Elkarretaratzeak

LABek deituta, Tolosako parkeko suhiltzaileek Igerategi lankidearen aldeko mobilizazioa egin zuten atzo. Gogor salatu zuten, «batzuek» ez dutelako «askorik maite» garai politiko berria. Gipuzkoako Aldundiak ohar bidez «kezka» azaldu du, eta tortura oro desagertzeko eskatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.