Euskaltzaindiko bi eserleku betetzeko, Joan Mari Torrealdai eta Lourdes Oñederra euskaltzain oso izateko proposamena egin dute zenbait euskaltzainek.
Hain zuzen, gaur Euskaltzaindiak Donostian egin duen osoko bilkuran egin dute proposamena, 29. eta 30. zenbaki-hutsarteak betetzeko hurrenez hurren.
Euskaltzaindiari dagokio erabakia hartzea, eta azaroko osoko bilkuran egingo dute bozketa.
Torrealdairen proposamena, Jose Antonio Arana Martijak, Miren Azkaratek eta Andres Urrutiak egin dute. Oñederrarena, Henrike Knorrek, Xabier Kintanak eta Pello Salaburuk.
Torrealdai. Foruan (Bizkaia) jaio zen, 1942an. Euskaltzain urgazlea da. Jakin aldizkariko arduraduna da, eta han egiten du lan. Hainbat liburu ditu idatziak: Iraultzaz (1973, Jakin), Euskal idazleak gaur (1977), Euskal kultura gaur (1997), Artaziak-euskal liburuak eta Francoren zentsura 1936-1983 (2000, Susa), El libro negro del euskera (1998, Ttarttalo), Martin Ugalde, Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena (1998), Imanol Murua, Gipuzkoako alkate (2004, Alkartasuna Fundazioa), XX. mendeko euskal liburuen katalogoa (1993, Gipuzkoako Foru Aldundia). Euskaldunon Egunkaria-ren sorreratik (1990) 2003an Espainiako Auzitegi Nazionalak kazeta itxi zuen arte zuzendaritzako kidea izan zen (Guardia Zibilak atxilotu egin zuen, eta auzipetuta dago).
Oñederra. Donostian jaio zen, 1958an. Euskaltzain urgazlea da. Hizkuntzalaria da, Filologia Hispanikoan lizentziatua eta Euskal Filologian doktore. Gasteizko EHUko Filologia Fakultatean egiten du lan, Fonologiako irakasle gisa. Ramon Saizarbitoriaren Ehun metro nobelari idatzitako epilogoaren zein Ere eta Oh, Euzkadi! aldizkarietan argitara emandako artikulu askoren egilea da. Euskaldunon Egunkaria-ko zutabegile ere izana da. Nobela bat dauka: Eta emakumeari sugeak esan zion (1999, Erein). Hainbat sari jasota dago: Euskadi Saria, Kritika Saria, Beterriko Liburua, Zilarrezko Euskadi.
Argazkian, Joan Mari Torrealdai.
Euskara
Joan Mari Torrealdai eta Lourdes Oñederra euskaltzain oso izateko proposamena
Euskaltzaindiko bi eserleku beteko lituzkete. Jose Antonio Arana Martijak, Miren Azkaratek eta Andres Urrutiak egin dute Torrealdairen proposamena, eta Henrike Knorrek, Xabier Kintanak eta Pello Salaburuk Oñederrarena. Azaroko osoko bilkuran egingo dute bozketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu