Joerak eta erritmoak (eguneko laburpena)

Hildako kopuruak behera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina ez Nafarroan.

Donostiako ospitaleko bi langile, leihoan. GORKA RUBIO / FOKU
Pello Urzelai.
2020ko apirilaren 20a
19:04
Entzun

Gaur goizean jakinarazitako datuen arabera, atzo beste 35 heriotza gertatu ziren Hego Euskal Herrian, koronabirusarekin lotuta. Aurreneko egunetik jaitsiera handia: 22 hildako gutxiago. Baina bada datu kezkagarri bat: hildakoak Araban (-4), Bizkaian (-10), eta Gipuzkoan (-9) jaitsi dira, baina Nafarroan ez. Nafarroan pertsona bat gehiago hil da (16 guztira). Horri erantsi behar zaio beste datu bat: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan positiboen kopurua nabarmen jaisten ari den bitartean, Nafarroan ez hainbeste. 132 positibo atzeman dituzte azken 24 orduetan, gehienak Nafarroan (77). Positiboen bilakaeran, beherako joera ez da hain argia Nafarroan, beste lurraldeekin alderatuta. 

Ospitaleratuen kopuruak behera egin du berriro. 1.240 pertsona daude ospitaleratuta (aurreko egunean baino 85 gutxiago): Araban, 162; Bizkaian, 603; Gipuzkoan, 209; eta Nafarroan, 266. ZIUn 194 pertsona daude (bezperan baino 8 gutxiago).

Konfinamendua arintzeko neurriak zehaztu bitartean, pentsiodunek eskatu dute ez erabiltzeko adina irizpide gisa, giza eskubideen kontrakoa dela argudiatuta. Test gehiago egiteko elkarlanean ari dira EHU eta Eusko Jaurlaritza, baina proba gehiago egin behar dira. 

DATUAK: Koronabirusaren azken datuak

MAPA: Koronabirusaren zabalpena herriz herri eta osasun eremuka

ZUZENEKOA: Eguneko jarraipena, gertatu ahala kontatuta

 

Agian honek ere merezi du

Etxetik hasita. Gaur abiatu da Etxealditik Euskaraldira kanpaina, azalpen bideo bat sareratuz, eta, norbere ingurune hurbileko hizkuntza ohiturez gogoetatzeko gonbidatuz. Goizero emango dituzte jarraibideak parte hartzeko. Bide batez, gogoratu itxialdia euskaraz bizitzeko 50 proposamen bildu dituela BERRIAk.

Itxaropenaren ereserkia. Garai zail hauetan, Zetak taldeak itxaropenari leiho bat ireki nahi izan dio, eta Zein ederra izango den kantua sortu du, eta zaleek igorritako 9.433 bideorekin bideoklip bat osatu du. Une ederrak berriro bizitzeko esperantza zabaldu nahi du kantuak.

Irririk ez. Elmhurst, Queens auzoko ospital publikoan lanean ari den medikuaren historia ekarri du gaur Kirmen Uribek New Yorkeko munduak izeneko podcast-ean. Kirmenen alabaren lagunaren amaren historia, etxean beharrean ospitalean bertan lo egiten duen ama, gaitza familiakoen artean ez zabaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.