Udako datuen berri eman zutenean, aurreko urteko datuak baino txarragoak zirela ohartarazi zuen Jaurlaritzak: igoera handia zegoen istripuetan hildakoen kopuruan. 2014a «ezohikoa» izan zela ohartarazi du Trafiko zuzendariak, Garbiñe Saez Molinuevok (Amurrio, Araba, 1980). Alderaketak tentuz egiteko eskatu du, beraz. Arrazoien artean, iaz zirkulazioa handitu izana aipatu du.
Aurreko urteko jaitsieraren ondoren, handitu egin da hildakoen kopurua. Nola hartu duzue?
Aurreikusten genuen. 2014ko datuak ezohikoak izan ziren, ez genuen espero halakorik izatea; ez estatuan, ez Europan ez zen halakorik gertatu. Oso albiste ona izan zen, dudarik gabe, baina bagenekien igoera hau edukiko genuela. Dena den, mantentzen dugu azken hamar urteotako beherako joera. Hori inportantea da. Hildako bakar bat edukitzea berri txarra da, baina behintzat lortu dugu beheranzko joera mantentzea.
Gipuzkoako igoera da deigarria. Badaukazue hipotesirik?
Istripuz istripu egiten dugu azterketa. Bizkaia mantendu da, Araba pixka bat igo da; baina, bai, Gipuzkoan dago koska. Istripu larrienak han gertatu dira. Normalean, Euskadin istripuetan pertsona bakar bat hiltzen da, eta Gipuzkoan gertatu dira lagun bat baino gehiago hil diren istripuak. Gainera, kontuan hartu behar da trafiko kopuruaren igoera. Ibilgailu gehiago ibili dira, eta Gipuzkoan asko nabaritu da igoera. Beraz, trafiko gehiago baldin badago, istripuak izateko arrisku gehiago.
Ikerketa egiten duzue istripuz istripu. Zein da kausa ohikoena?
Istripu bat gertatzeko, faktore asko lotzen dira. Abiadura desegokia eta arreta galtzea dira inportanteenak, gehienetan agertzen direnak. Gehienetan errepidetik irtenda gertatu dira istripuak. Zergatik? Edo abiadura desegokian goazelako, edo une batean arreta galdu dugulako, edo errepidearen egoeragatik; azken hori inportantea litzateke istripu gehienak leku berean gertatuko balira, baina ez da horrela izan.
Arreta galtzea aipatzean, zehazki zeri buruz ari zara, adibidez?
Gauza asko: GPSa piztu, irratia, lanean pentsatzen joatea... Normalean, denbora gehien sakelako telefonoari begira galtzen da: Whatsapp, Internet, mezuak... Badirudi ez daukagula denborarik geroxeago begiratzeko. Istripua izan dezakegu, ondorio larriekin.
Arreta galtze horiek kontrolatzen zailago dira Poliziarentzat.
Guretzat, abiadura da kontrolatzeko errazena, radarrekin. Baina pertsona bat telefonoz hizketan edo idazten ari dela ikusteko, kontrola egon behar da. Ez da hain erraza. Guztiok ikusi dugu norbait gidatzean telefonoz hitz egiten. Ez da erraza, baina ari gara kontrolak jartzen horretarako.
Bigarren mailako errepideetan gertatu dira istripurik gehienak. Jendeak gero eta gehiago jotzen du halako bideetara, bidesariak ez ordaintzeko, adibidez?
Ez da hainbeste bigarren mailako errepideak erabiltzeagatik, baizik eta konfiantzaz gidatzeagatik. Bigarren mailako errepideak erabiltzen ditugu ohiko bidaiak egiteko, lanera joateko eta halakoetarako. Konfiantza hartzen dugu, ezagutzen ditugula bihurguneak eta guztiak, eta pentsatzen dugu inoiz ez zaigula ezer gertatuko. Ez da gauza berria; azken urteetan ikusi dugun kontua da. Gero eta kontrol gehiago jartzen ari gara.
Generoari erreparatuta, aldeak oso handiak dira: gizonak dira ezbeharretan hildako gehienak.
Beti izan da horrela. Gizonak dira gidari gehienak, egia da. Baina, nahiz eta gehiago izan, hiruko erregelan beharko luketenak baino gehiago dira. Hala da, bai Europan, bai nazioartean. Gizonek arriskua ez dute ikusten emakumeek adina; arrisku gehiago hartzen dute gidatzean. Bestalde, hala ere, azken urteotan emakume gehiago hiltzen dira oinez. Adinekoak, 70 urte baino gehiagokoak. Gure gizartea gero eta zaharragoa da, eta gehiago bizi dira emakumeak. Ari gara erretiratuen etxeetara joaten, haiekin gogoeta lana egiteko. Adin horietakoak gero eta gehiago izango dira gure gizartean, eta oinezkoak izango dira. Bakoitzak kontzientzia hartu behar du erabakiak hartzean; administrazioaren aldetik, jakin behar da nolako gizartea dugun, neurriak hartzeko.
Aurtengo igoeraren ondoren, zer ildo dituzue orain buruan?
Laguntzaile sarea sortzea da guretzat inportanteena. Gu, Trafiko Zuzendaritza modura, puntu bateraino heltzen gara. Baina beharrezkoa da ohartzea bide segurtasuna zeharkako gaia dela. Guztien laguntza behar dugu: osasun arloko profesionalekin lortzen dugu gurasoei mezua ematea; hezkuntza zentroetan gazteekin ari gara... Baina ez da hain erraza beste arlo batzuetara iristea; esate baterako, 25-64 urte arteko gizonezkoengana. Udalekin hitz egiten ari gara ekinbideak egiteko herriz herri. Laguntzaile sarea bultzatu nahi dugu, denok izatea bide segurtasunerako bozgorailu.
DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak nolabaiteko kontu hartzea egin zizuen udan, esanez Espainiako datuak hobeak zirela eta hemengoak ez. Hitz egin duzue DGTko arduradunekin?
Zuzendariari eskatu nion zorroztasunez jokatzeko eta datuak zuzen emateko. Egia da, eta guk hasieratik onartu dugu, 2015eko datuak okerragoak direla 2014koekin konparatuta. Baina inportantea da joerari eustea, eta horretan ari gara oraingoz. Ikusi beharko dugu orain Madrilen pertsona berberak jarraituko duen edo ez.
Errepideak. 2015eko balantzea. Garbiñe Saez Molinuevo. Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaria
«Joerari eustea da inportantea, eta horretan ari gara oraingoz»
Datu txarrak izan ditu Jaurlaritzak, batez ere Gipuzkoan izandako igoera handiaren ondorioz. Trafiko zuzendariak dio urte batetik bestera ez begirada luzeagoz aztertu behar direla datuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu