Politika

Jon Anzaz galdetu dion gazte bat atxilotu du Ertzaintzak Villabonan

Ertzainak presoen irudiak zeramatzan pankarta bati argazkiak ateratzen ari zirela izan da gertaera. Desobedentzia eta bi ertzain jo izana leporatu diote gazteari. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak dio ertzainek jipoitu egin dutela. Libre geratu da, epaileak noiz deituko.

2009ko uztailaren 20a
13:32
Entzun
Villabonan (Gipuzkoa) Jon Anza desagertuaz galdera egin zion gazte bat atzeman zuen atzo Ertzaintzak, "desobedentzia" eta bi ertzain jo zituela egotzita. Atzo goizeko zortziak aldera izan zen atxiloketa, eta aske utzi zuten arratsaldean, baina epaitegitik deituko diote aurki.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) dio Ertzaintzak gaztea "jipoitu" egin zuela, atxilotu aurretik. Poliziak Villabonako presoen irudiak zeramatzan pankarta bati argazkiak ateratzen ari zirela izan zen gertaera, Garagardo Azoka ondoan.

Azokaren ondoko taberna bat jendez gainezka zegoen une hartan, eta lagun talde bat Non da Jon? galdezka hasi zitzaion Ertzaintzari. "Hau gazte batengana joan eta sekulako jipoia eman zion, Villabonako herritar askoren aurrean, eta ondoren atxilotuta eraman zuten, Hernaniko ertzain etxera", dio AAMk. "Bortxakeriari aurre egiteko argudiopean aldarrikapen politikoen aurka bortxakeria izugarria erabiltzen ari da Ertzaintza".

Presoen argazkiak eta Anza

Duela aste batzuetatik Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren aginduz Ertzaintza presoen irudiak kentzen ari da, "terrorismoa goresten" dutelakoan.

Jon Anza (Donostia, 47 urte) joan den apirilaren 18tik dago desagertuta. Egun hartan neska-lagunak Baionako tren geltokira lagundu zion, eta hantxe ikusi zuen azkeneko aldiz. ETAk orain aste batzuk jakinarazi zuen bere militantea dela Anza, apirilaren 18 hartan hitzordua zeukala Okzitaniako Tolosan, baina ez zela azaldu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.