Goizeko bederatziak aldera gorpu bat aurkitu zuten igandean Urrunaga urtegiaren inguruetan (Araba), eta Jon Barcena Berrizko (Bizkaia) gaztearena dela baieztatu du haren senide batek, Estefania Beltran de Heredia Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak jakinarazi duenez.
Gurutze Gorriko boluntario batek topatu du gorpua, desagertu eta egun gutxira Barcenaren hainbat jantzi eta objektu aurkitu zituzten lekutik gertu. Berehala Ertzaintzaren urpekariei eman die abisu. Barcenaren senideek antolatutako bilaketa lanetan laguntzen ari zen boluntarioa, beste ehun lagun ingururekin batera.
Gorpua auzi mediku zerbitzura eramango dute autopsia egin eta gaztearen heriotzari buruzko zergatiak eta xehetasunak argitzeko. Beltran de Herediak adierazi duenez, oraindik ez dago "datu argigarririk". Dena den, Segurtasun sailak aurreratu du gorpuari ez diotela atzeman indarkeria zantzurik.
Beltran de Herediak azaldu duenez, gorpua uretatik kanpo aurkitu dute, "baso eremu batean".
Barcena joan den abenduaren 30ean desagertu zen Gorbeia mendia lagunekin batera igotzen ari zela egonezik sentitu eta mendian behera bakarrik abiatu ondoren. Berehala antolatu ziren gaztea mendian bilatzeko irteerak. 600 boluntariotik gora bildu ziren lan horietarako.
Gaztearen zenbait jantzi eta objektu topatu zituzten, ordea, Urrunaga urtegiaren inguruetan, eta hara aldatu ziren bilaketa lanak. Ertzaintzak urtarrilaren 5ean eman zituen amaitutzat Barcena aurkitzeko saiakerak.
Haren gorpua ziurrenik urtegian izango zela adierazi zuen Beltran de Herediak. Aurrez bila aritutako eremuan aurkitu dute gaur gorpua.
Barcenak 19 urte zituen desagertu zenean, eta 20 beteko zituen joan den urtarrilaren 23an.