Jon Guajardo Remacha izanen da Osasunbideko burua aurrerantzean

EHUn egin zituen Medikuntza eta Kirurgia Orokorreko ikasketak, eta 30 urte daramatza Osakidetzan lanean. Alfredo Martinezen lekukoa hartuko du Nafarroako osasun sistema publikoaren kudeaketan.

Jon Guajardo Remacha, Osasunbideko kudeatzaile berria. NAFARROAKO GOBERNUA
Jon Guajardo Remacha, Osasunbideko kudeatzaile berria. NAFARROAKO GOBERNUA
Ion Orzaiz.
2025eko urriaren 30a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jon Guajardo Remacha (Bilbo, 1959) izanen da Osasunbideko kudeatzailea hemendik aurrera, Nafarroako Gobernuak ohar batean jakinarazi duenez. Guajardok EHU Euskal Herriko Unibertsitatean egin zituen Medikuntza eta Kirurgia Orokorreko ikasketak, eta 30 urte daramatza Osakidetzan lanean, osasun kudeaketaren alorrean.

Azken urteetan, Basurtuko ospitaleko ESIan egin du lan, Osasun Kudeaketarako Unitateko arduradun gisa. Aurretik, Barrualde-Galdakao ESIko zuzendari kudeatzaile izan zen 11 urtez. Hainbat erietxe eta osasun zentrotako zuzendari ere izan da Guajardo: Galdakaoko ospitaleko eta Zumarragako ospitaleko kudeatzailea izan da, eta Basurtuko Ospitale Unibertsitarioko kudeatzailearen albokoa. Aurretik, Galdakaoko Ospitaleko zuzendari medikoa izan zen, Basurtuko Ospitaleko zuzendariorde medikoa eta Pazienteen Arretarako Unitateko eta Pazienteen Kudeaketaren Alorreko burua, erietxe horretan bertan.

Mediku eta Kirurgia Orokorreko lizentziaduna izateaz gain, aditua da osasun kudeaketan. Diploma, masterra eta graduondokoak ditu Osasunaren Ekonomian, Farmaekonomian eta Osasun Kudeaketan eta Planifikazioan. Deustuko Unibertsitatean eta Madrilgo Unibertsitate Europarrean egin zituen ikasketa horiek. Irakasle lanetan ere aritua da osasun kudeaketari lotutako master eta seminario ugaritan.

Nafarroako Gobernuak datozen egunetan eginen du Osasunbideko kudeatzaile berriaren izendapen formala, gobernu bilkuran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.