Jone Forcada euskararen militantea zendu da

Eutanasia protokoloa ezarri diote, berak hala eskatuta, eta 92 urterekin hil da. Jose Luis Alvarez 'Txillardegi'-ren alarguna zen.

Jone Forcada, Txillardegiri egindako omenaldi batean hitz egiten, 2019an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jone Forcada, Txillardegiri egindako omenaldi batean hitz egiten, 2019an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irune Lasa.
2025eko urriaren 17a
19:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Senitartekoek eman dute Jone Forcadaren (1933-2025) heriotzaren berri, gaur eguerdian. Andereñoa izandakoa, euskaltzalea eta hainbat kausaren aldeko militantea zen Forcada, eta bere erabakiz eman du gaur azken arnasa, eutanasia protokoloa aplikatu baitiote, berak hala eskatuta.

Errenteria eta Donostia artean handitu zen Forcada. Irakasle ikasketak egin, eta ikastolen sorreran ibili zen, Elbira Zipitria andereño ezagunaren kide zela. Donostiako Kaiko Ikastolan aritu zen irakasten, eta garai hartan ezagutu zuen gerora senarra izango zuena, Jose Luis Alvarez Txillardegi.

Txillardegi, Euskadi Ta Askatasuna erakundearen sortzaileetakoa izanik, erbesteratu egin zen 1961ean, eta, hilabete batzuk geroago, baita haren familia ere.

Forcadak eta Txillardegik hamasei urte igaro zituzten erbestean, jardun politikoari eta familia guztiari batera eusten. Parisen egon ziren aurrena, eta han jaio zen bikotearen laugarren semea. Lapurdin ere igaro zuten bolada bat, eta gero, Belgikan egin zituzten urte batzuk. Euskal Herrira ahalik eta gehien hurbildu nahian, Forcada Bordelen ere aritu zen euskara irakasten, harik eta Frantziak Ipar Euskal Herrira etortzeko baimena eman zion arte. Hendaian egon zen sei urtez, eta, tarte horretan, Iparraldeko bigarren ikastola izan zena irekitzen lagundu zuen.

Franco hil ostean, familia Donostiara itzuli zen, eta irakaskuntzan jardun zuen Forcadak, Añorgako (Donostia) ijitoen eskolan.

Euskararen militantea

Neurri batean itzalean, Forcadak hainbat herri mugimendutan egin du ekarpena: euskal presoen eskubideen alde, migratzaileen alde... Ekarpen nabarmenetakoa euskararen alde egindakoa izan zen: ikastolen sorreran, euskarazko irakaskuntzan. Euskal Herrian Euskaraz-en sortzaileetakoa ere izan zen, eta Donostia Bagera euskaltzaleen elkarteko partaidea.

Azken urteetan, senitartekoen arabera, heriotza duinaren aldeko borrokan aritu nahi izan zuen. Forcadak berak eskatuta, ez da beilarik ez eta hileta elizkizunik ere egingo, eta lurperatzea familiartean izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.