Zuerako (Zaragoza, Espainia) espetxean hildako Jose Angel Serrano Benitez presoaren bigarren autopsiak adierazi du itota hil zela. Azterketaren emaitzen arabera, eztarrian trabatuta geratu zitzaion «substantzia arraro batek» itota zendu zen Bilboko presoa. Hala jakinarazi zuten atzo Silvia Encina haren familiaren abokatu eta emazteak eta Salhaketa elkarteko kideek. Bigarren azterketak, beraz, gezurtatu egin du hil eta berehala egindako autopsia; berez hil zela ondorioztatu baitzuten hartan.
2016ko urrian hil zen Serrano, Zuerako espetxean zela. Bakartze ziega batean zegoen, eta hamazortzi urtetik gora zeramatzan preso: ia kartzelaldi osoa eduki zuten bakartuta. 40 urte betetzear zituen, eta berehala kalera ateratzekoa zen bilbotarra.
Serrano hil eta hiru hilabetera baimendu zuen Zaragozako Auzitegiak bigarren autopsia egitea. Azterketaren emaitzak abuztuaren 30ean jaso zituen familiak, eta handik bost egunera, auzitegian aurkeztearekin batera, artxibatu egin zuten auzia, heriotza argitzeko nahikoa froga ez zegoela argudiatuta. Helegitea aurkeztu zuen familiak, eta Probintzia Auzitegiaren ebazpenaren zain daude orain. Bide guztian izandako trabak salatu dituzte senideek. «Eskatu genituen froga guztiak sistematikoki ezeztatu zizkiguten», adierazi du Encinak.
Bada, ikerketa sakonago bat egiteko eskatu du abokatuak. «Ikerketa bat egin behar da. Justizia administrazioak uste badu sinesgarriagoa dela lehengo autopsia, ahozko epaiketa bat ireki beharko litzateke alde guztien argudioak jasotzeko gutxienez, eta ondoren hartu beharko lirateke erabakiak», nabarmendu du. Hain zuzen, bigarren azterketa egin arteko tarte horretan, gorpua legeak arautzen dituen baldintzetan gorde ez izana salatu du familiak, «autopsia aspektu guztietan baldintzatu zuelako».
Encinak ohartarazi du senideen eskubideak urratzen ari direla , eta espetxe erakundeek auzia ixteko duten «presa» salatu du. «Onartezina da auzitegiei egiten ari zaizkien presioa». Justiziari «gardentasunez» jarduteko eskatu dio, «espekulazioetan» ez erortzeko. «Gu gara gertatutakoa ikertu eta auzia ixteko presa daukagun lehenengoak. Baina, horretarako, ikerketa egin behar da», azpimarratu du.
Elkartea, elkar babesteko
Ikerketak oztopatzea «praktika sistematikoa» dela adierazi du Encinak: «Medikuek artatzen ez dituzten pertsonak, larrialdi txirrinari kasurik giten ez dioten funtzionarioak, zenbakirik gabe sinatutako txosten medikoak... Jokabide batzuk behin eta berriz errepikatzen dira».
Hain zuzen, antzeko kasuak jasan dituzten familiekin elkarte bat eratu dute: Kartzela Krudelkeriaren Aurkako Senideak du izena, eta beren egoera bistaratzea, salatzea eta elkar babestea dute helburu, Encinak adierazi duenez: «Doluan laguntzeaz gain, egunerokoa eramateko gomendioak elkarri ematea da asmoa; finean, elkar babestea».
Jose Angel Serrano preso bilbotarraren heriotzaren auzia artxibatu egin dute
Bigarren autopsiak gezurtatu egin du berez hil zela: itota zendu zen. Bide guztian izandako trabak salatu dituzte haren senideek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu