Hirugarrenez hautatu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek Jose Luis Bilbao EAJko kidea herrialdeko ahaldun nagusi gaurko saioan, 18:50 aldera, Gernika-Lumon. Maiatzaren 22ko foru hauteskundeetan 22 batzarkide lortu zituen EAJk, Bilbao buru zela, eta gaur lehen bozketan gehiengo osorik lortu ez badu ere —26 boto behar dira—, bigarrengoan gehiengo soila nahikoa izan du. EAJko botoak jaso ditu.
Bilduk ere aurkeztu du ahaldun nagusirako hautagaitza —Zuriñe Gaintza—, eta Bilduren 12 batzarkideen botoak jaso ditu. PSE-EEk 9 batzarkide lortu zituen, PPk 8.
Lehengo astean Martin Garitano (Bildu) ere Gipuzkoako ahaldun nagusi gehiengo soilarekin izendatu zuten, 23 boto jasota —Bilduko 22 eta Aralarreko 1—. Yolanda Barcinak (UPN) gehiengo osoa erdietsi zuen Nafarroako Gobernuko lehendakaritzarako (28 boto), PSNk ere haren alde bozkatu zuelako (UPNko 19 eta PSNko 9). Araban uztailaren 7an izendatuko dute diputatu nagusia.
Bilbao: "Espainia arazo bat da Bizkaiarentzat"
Legealdi berrian ekonomia arloan "austeritatea" beharko dela esan du bere hitzaldian Bilbaok, eta Aldunditik bi departamendu, zazpi zuzendaritza nagusi, bi entitate publiko eta 25 foru kargu kenduko dituela jakinarazi du. Ekonomia altxatzeko, baina, "gaur egun Bizkaiarentzat 'Espainia' marka azaro bat" dela azaldu du, "finantza merkatuetan sartzea zailtzen digulako".
ETAren su-etena eta ezker abertzalearen apustua dela-eta EAJko hautagaiak adierazi du "aro berria" dela hau, eta lehengo "garai mingarriak" ahazteko dei egin du. Bilduri ETAren behin betiko desagerpena eskatzeko esan dio.
Bildurentzat, "herritarren parte hartzea oinarri"
"Zabaldu den aro berri honetan muturreraino heldu nahi dugu aldaketa politiko eta soziala gauza dadin", aipatu du Gaintza Bilduko kideak bere hitzaldian.
Sasoi honetan "herritarrak eta haien iritzia eta parte hartzea oinarri" hartu gura ditu Bilduk; "politika egiteko beste era baten aldekoak gara". Batzar Nagusietako beste taldeekin akordioetara iristeko prest ere azaldu da.
"Gatazka politikoa gainditu" beharra dagoela nabarmendu du, eta horretarako "eskubide guztien aitortza" ezinbestekoa dela uste du. "Bortizkeria mota guztien desagerpenaren alde egiten du Bilduk, eta ildo horretan Gernikako Akordioan aipatzen den ibilbide orriarekin bat egiten dugu".
"Kudeaketa gardena", pribatizazioen kontrako politika, "enplegua sortuko duen garapen sozioekonomiko orekatua" edota "zerga politika justuagoa" ere izan ditu hizpide Gaintzak.
Foru gobernua
- Ahaldun nagusi: Jose Luis Bilbao.
- Presidentzia: Juan Maria Aburto.
- Ogasuna eta Finantzak: Jose Maria Iruarrizaga.
- Gizarte ekintza: Pilar Ardanza.
- Lan publikoak eta Garraioa: Itziar Garamendi.
- Nekararitza: Irene Pardo.
- Ingurumena: Josu Madariaga.
- Kultura: Josune Ariztondo.
- Sustapen ekonomikoa: Imanol Pradales.