Politika

Joseba Alvarez: "Alderdien mahaiarena izan beharko luke prozesuko hurrengo argazkia"

Batasuneko mahaikide Joseba Alvarezen iritziz alderdien mahaiaren eraketa litzateke konponbide prozesua ondo doala adieraziko lukeen gertakaria; prozesuan atera beharreko "hurrengo argazkia" mahai horrena litzatekeela esan du.

2006ko abuztuaren 16a
15:11
Entzun
Izan ere, Alvarezek Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan agertu duenez, argazki horrek erakutsiko luke une honetan dituztenak baino adostasun gehiago lortu dituztela alderdiek, eta, beraz, konponbiderako bidean aurreraurratsak egin direla.

Mahai horrek, gainera, Euskal Herri osoaren elkarrizketagunea izan beharko lukeela nabarmendu du. Hau da, egungo banaketa administratiboaren gainetik lurralde guztietako euskal herritarrak hartu beharko lituzkeela kontuan. Horregatik, mahai horren gidaritza Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariaren esku ez lukeela egon behar iritzi dio, "Ibarretxe ez baita euskal herritar guztien ordezkaria". Nolanahi ere, behin alderdien artean hitzarmen bat lortutakoan Ibarretxe lehendakariak prozesuan egiteko handiak izango lituzkeela iritzi dio, ordezkari instituzional den heinean akordioa erakundeetara bideratzeko.

Ricardo Blazquez Bilboko gotzainak atzo egindako adierazpenei ere erantzun die Alvarezek. Blazquezek esan zuen bakean aurrera egiteko ETAk barkamena eskatu behar duela. Batasuneko mahaikidea, berriz, aldebakarrari erantzunkizuna eskatzeraren kontra agertu da. Agertu duenez, beste hainbat herrialdetako gatazketan bezala Eliza Katolikoak zeresana du Euskal Herrikoan ere, adiskidetzearen arloan. Horregatik, Elizak alde guztiak hartu behar dituela kontuan iritzi dio, eta ez bakar bat, eta horretan oinarrituta bultzatu behar duela adiskidetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.