Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok Ibarretxeren Planak ez duela aurrera egingo ziurtatu zuen atzo. "Normala da Zapaterok hori esan izana, bere jendearen aurrean hitz egin zuelako. Hala ere, jakin badaki benetako arazoari heldu egin behar zaiola, euskal gatazka ez dela asmakizun bat. Euskal Herriak bizi duen arazoaren oinarria politikoa da, eta, beraz, politikaren eskutik erantzun behar zaiola. Proiektuak, beraz, bere ibilbidea izango du, Espainiako Kongresuan edo denadelako instituzioetan".
PSOEk eta PPk Batasunaren botoetaz baliatu izana leporatu diote behin eta berriz Ibarretxeri. "Sozialistak Batasuna planaren aurka bozkatzeko irrikitan zeuden abenduaren 30a baino lehen. Koherentzia eskatzen zioten, Planaren alde ez bozkatzeko. Batasunaren botoak oso baliotsuak ziren sozialistentzat Plana atzera botatzeko. Orain, berriz, sutan jarri dira. Sozialista Abertzaleak talde parlamentario bat da, eta gizartearen multzo baten islada dira. Zer esan nahi du horrek, herriaren borondatearen zati bat ordezkatzen duten parlamentari horiek ezin dutela bozkatu?".
Diario de Noticias egunkariak gaur jasotzen duenez, Batasunak jeltzaleen estrategia desorekatu eta gainerako alderdiak ezustean harrapatu nahi izan zituen iragan abenduaren 30ean. "Hori Batasunaren nahia izan zitekeen, baina zein dagoen kili-kolo eta zein desorekatu daitekeen jakiteko helduak garela iruditzen zait. Egia da ostegunean oso jokaldi argia egin zutela; inork gutxi espero zezakeen erabaki hori. Nolabaiteko lurrikada bat eragin du erabakiak. Askok diote EAJk soilik Plana aterako ez balitz nola jokatu zuen zuela erabakita, beste egoerarik ez zegoela igerrita, baina hori ez da horrela".
Estatutu Politiko Berrirako Proposamena