Politika

Joseba Egibar: "Legebiltzarrak herri borondatea isla dezan eragotzi nahi du Madrilek"

Joseba Egibar EAJko EBB Euzkadi Buru Batzarreko bozeramailearen iduriko, azkenaldion Espainiako Justiziak Eusko Legebiltzarraren aurka aurrera eraman dituen ekimenen helburua ez da ezker abertzalea Gasteizko Parlamentutik ateratzea, baizik eta Euskal Herriaren etorkizunaren inguruan legebiltzar horretan abiatu den eztabaida eragoztea. Hala adierazi du ETBn egin dioten elkarrizketan.

2003ko urriaren 3a
16:57
Entzun
Egibarren iduriko, euskal gizarteak aurrera egiteko gogoa dauka, bai gatazkari irtenbide bat ematen, bai autogobernua garatzen, eta Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak egindako estatutu berri proposamenak bat egiten du gogo horrekin. "Gizarteak nahi duena bideratzen asmatzen duenak irabaziko du apostua, eta lehendakariak asmatu du", azaldu du Egibarrek.

Hain zuzen ere, Ibarretxeren Planaren ardatza herri borondatea gauzatzea dela uste du EBBko bozeramaileak, eta horren aurka, Espainiako Estatuak, demokratikoki jokatuz gero, ezin duela ezer egin. Dena den, Egibarren onartu du hainbat estrategia saiatuko dituela Madrilek Ibarretxeren proposamenaren eztabaida saihesteko, eta, azken buruan, herri borondatea gauza dadin eragozteko. Eusko Legebiltzarraren aurka Espainiako Auzitegi gorenak hartu dituen azken erabakiak testuinguru horretan kokatu ditu EAJko bozeramaileak, "Madrilen kartak agerian daude. Garbi dago Legebiltzarra zapuztu nahi dutela. Zergatik? Badakitelako Eusko Legebiltzarrak Euskal Herriko hiru lurralde baino ordezkatzen ez dituen arren, herri borondatearen isla han dagoela, eta hori eragotzi nahi dute. Bake giroan herri galdeketea bat egingo balitz, Estatuak ezingo luke horren aurka ezer egin", argudiatu du Egibarrek.

Hain zuzen ere, herri galdeketearen asmo hori egi bihurtzen bada, eta Espainiak onartzen ez badu, bai barnera begira, baina batik bat, nazioarteko komunitatean arazo handiak sortuko litzaizkiokeela uste du EBBko bozeramaileak.

Ibarretxeren proposamenaren inguruan joan den ostiralean Eusko Legebiltzarrean izan zen eztabaidari dagokionez, alderdien jarreretan ez zuen berritasun handirik ikusi Egibarrek, baina, hala eta guztiz ere, "zerbait egosten" ari dela iruditzen zaio. Hain justu, alderdi guztiak ari direla beren proposamenak plazaratzen azpimarratu du, eta hori positiboa dela. Ildo horretatik, debate horri begira gaur egun mugiezin gisa ageri diren hainbat jarrera, eztabaida gauzatzen den heinean aldatu egingo direla iritzi dio Egibarrek; hots, alderdiek ez dutela beste aukerarik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.