Joseba Ezeolaza Batzarreko zuzendaritzakide eta NaBaiko Nafarroako parlamentariak apirilean salatu zuen hil hartako 20an ezker abertzaleko bi kidek eraso egin ziotela Iruñeko taberna batean, eta epaileak orain gertaera hura "falta" batean utzi du, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) dioenez.
Asteburu batean izan zen gertaera, goizeko bostetan, Labrit aldapako Katos tabernan. Ezeolazak azaldu zuen taberna hartan zegoela lagun koadrila batekin, eta bakarrik geratu zen une batean Jon Auza eta Alberto Pio ezker abertzaleko kideek kolpatu egin zutela. Batzarrek ustezko bi erasotzaile haien izenak eman zituen.
Piok eta Auzak apirilaren 21ean deklaratu zuten epailearen aurrean, eta ondoren aske geratu ziren. Biek ukatu egin zuten Ezeolazaren bertsioa, eta Auzak berak adierazi zuen une horretan ez zegoela Alde Zaharrean. Batari zein besteari autoritateari atentatu egitea eta lesioak eragitea delituak egotzi zizkieten. Orduko lekuko batzuek deklaratu zuten liskar baten ondorioz izan zela gertaera.
AAMk salatu egin du Ezeolazak eta Batzarrek harrezkero izandako jarrera. "Prestaturiko eraso politikoa izan zela esan dute, jakinda ustezko erasotzaileek lau eta sei urte arteko espetxe zigorra jaso zezaketela. Ezker abertzalearen aurka denak balio duen testuinguru honetan, gezurra esan eta komunikabide handien bozgorailuak probestuz euren protagonismoa eta onura politikoak bilatu nahi izan dituzte".
Politika
Joseba Ezeolaza Batzarreko kideak salatu zuen erasoa "falta" batean utzi du epaileak
Apirilaren 20an ezker abertzaleko bi kidek Iruñeko taberna batean jo egin zutela esan zuen Nafarroa Baiko parlamentariak. Akusatuek lau eta sei urte arteko kartzela zigorra jasotzeko arriskua zeukaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu