HILBERRIA

Josu Goia ezker abertzaleko buruzagi ohia hil da

Berako alkate eta Nafarroako parlamentari izateaz gain, HBko lehen Mahai Nazionalean izan zen.

Josu Goia, 2007ko irudi batean. MADDI SOROA / FOKU
jon olano
2018ko azaroaren 3a
07:56
Entzun

1947an jaio zen Josu Goia, Beran (Nafarroan). Politikagintzan eta kulturgintzan aritu zen, eta sorterrian alkate izan zen Euskal Herritarrok-ekin, 1999tik 2003ra, hiru legealditan zinegotzi aritu eta gero. Alkate zela, Udalbiltzako kide izan zen. 2003an berriro aurkeztu zen, baina Espainiako Auzitegi Gorenak ezker abertzaleko zerrenda ugari debekatu zituen; tartean, Beraginez, Goia zerrendaburu zuen hautagaitza. Beste zerrendarik aurkeztu ez, eta hauteskundeak berriro egin zituzten 2003ko urrian. EAk gobernatu zuen hurrengo lau urteetan.

Herri Batasuneko lehen mahai nazionalean hartu zuen parte, eta Egin egunkariko Administrazio Kontseiluan ere egon zen. Nafarroako legebiltzarkide ere izan zen lehen Parlamentuan, 1979an.

Hain justu, politikagintzak kendu zion kantagintzan aritzeko denbora. Kultur arloan, kantagintzan eta eskulturan aritu zen, baita literaturan ere. Besteak beste, Encuentros con la Guardia Civil liburua idatzi zuen. BERRIAri azaldu zion liburu horren asmoa: "Polizia guztiekin aunitz anekdota nituen, eta ezin zirela zoko batean ahaztuta gelditu pentsatu nuen. Tristurak nahiko baditugu Euskal Herrian. Denbora pasatzean gauza asko beste ikuspuntu batetik ikusten dira. Barre egiteko balia daitezke, nahiz eta gertatu zirenean gogorrak izan ziren".

Kantagintzan eta musikagintzan, berriz, Josu Goiaren filosofia larrugorritan diskoa argitaratu zuen. Beran bertan, herriko organista izan zen.

Herrigintzan, Gure Txokoa elkartea sortu zuen beste batzuekin batera, eta Kultur Astea ere abiatu zuten. Gau eskolekin ere hasi ziren eta Lesakako eta Berako ikastolen sorkuntzan parte hartu zuen, 1972. urtean. Suhiltzaileen taldeko boluntario ere aritu zen.

Hileta bihar izango da Berako elizan, 17:00etan.

[Youtube]https://youtu.be/RQA9cAps6co[/Youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.