Etxerat-ek gaur jakinarazi duenez, atzo Josu Uribetxebarria euskal presoa ospitaleratu zuten Leongo (Espainia) ospitalean. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamalau presoetako bat da; biriketako nodulo baten ondorioz eraman zuten ospitalera.
Giltzurrunetako minbidiza du Uribetxebarriak. Haren senideek beste euskal preso baten senideengandik jaso zuten presoaren egoeraren berri. Senideek ezin izan dute oraindik Uribetxebarriarekin harremanetan jarri, eta ez daukate haren egoeraren berririk.
'Gaitz isilduak'
Hain zuzen, Etxerat-ek gaur aurkeztu du gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen inguruko Gaitz isilduak dokumentala. Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko areto nagusian izan da. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamalau presoren senideen testigantzekin osatu dute filma.
"Hamalau gaixotasun, hamalau egoera, hamalau bizipen". Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten arren espetxean jarraitzen duten presoak dira denak.
Senideen beste auto istripu bat
Gainera, gaur jakin denez, ekainaren 13an beste istripu bat izan zuten euskal presoen senideek bisitan zihoazela, aurtengo zortzigarrena. Maite Aranalderen gurasoek izan zuten: Poitiers Vivonne espetxean bisita izan ondoren, etxera itzultzen ari zirela, Vivonne eta Angulema arteko errepidean, kamioi bat aurreratzera zihoazela errepideko erdibitzailearen aurka jo zuten. Onik daude.
"Sakabanaketa politika hau berehala amaitu behar da. Ezin dugu jarraitu astebururo gure bizitzak arriskuan jartzen. Sakabanaketa politika ezarri zenetik 23 urte igaro diren honetan, hamasei senide eta lagunek galdu dute bizia errepideetan, eta edozein unetan gutako beste edonork gal dezake bizitza. Inongo zentzurik ez duen eta erabat makabroa den sakabanaketa hau amaitu behar da", salatu du Etxerat-ek.