Gaur abiatzekoa zen Josu Urrutikoetxearen kontrako epaiketa Parisko Dei Auzitegian, 2002tik 2005era ETAko kide izan zelakoan «helburu terroristak dituen» gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatuta. Baina osasun arrazoiak argudiatuta, hura atzeratzeko eskatu du haren defentsak goizean izan den auzi saioan. Mediku baten bisita jasoko du Urrutikoetxeak, eta hark osatutako txostenaren arabera hartuko du erabakia epaimahaiak. Gaur, bihar, etzi eta urriaren 15ean iragatekoa zen auzia. Posible da ondoko egunetan Urrutikoetxea Parisera dei dezaten.Â
Iazko urrian iragarri zuten auzia noiz izango zen. 2021eko irailean iragatekoa zen berez, baina prozedura akatsengatik gibelatu behar izan zuten: epaiketa bertan behera utzi eta berriz instrukziora bidali zuen sumarioa epaileak.
2004tik 2006ra ETA erakundearen eta Espainiako Gobernuaren artean izan ziren elkarrizketa saiakerekin lotua da Urrutikoetxearen kontrako auzia. 2010ean epaitu zuten lehen aldiz Parisko Zigor Auzitegian, hura bertan egon gabe. Fiskaltzak adierazi zuen Urrutikoetxeak «posizio hierarkikoa» zuela ETAn, eta hura izan zela erakundearen «arduradun politikoa» Frantziako Poliziak Mikel Albisu 2004an atxilotu zuenaz geroztik. Bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina fiskalak helegitea aurkeztu zuen, eta kondena zazpi urtera luzatu zuen Parisko Dei Auzitegiak, urte berean.
Bederatzi urte berantago, 2019an, atxilotu zutenean, bere kontrako epaiketak berriz egiteko galdegin zuen Urrutikoetxeak, eta prozedura akatsetan katramilatuak egon dira aferak geroztik. Gaur egun, baldintzapean libre dago Urrutikoetxea, eta Euskal Herrian bizi da; 75 urte ditu.
Beste auziak
Beste prozedura bat ere izan da Urrutikoetxearen kontra, hura ere elkarrizketa saiakera batekin lotua baina 2011 eta 2013 artekoa. 2021eko ekainean iragan zen epaia, eta urte bereko irailean errugabetzat jo zuen Parisko Zigor Auzitegiak. Epaimahaiak ebatzi zuen ez zegoela nahikoa elementu frogatzeko ETA zeneko kide historikoa 2011-2013 aldian erakundeko kide izan zela. Halaber, hiru magistratuek adierazi zuten negoziatzea ezin dela parekatu gaizkile elkarteko kide izatearekin.
Frantziako Estatuan haren kontra irekitako prozedurez gain, Espainiaratzeko hainbat agindu ere baditu Urrutikoetxeak, horietako bi oraindik indarrean. Frantzian bere aurka diren prozedura judizialak bukatutakoan, autoritateek bidea libre izanen dute Espainiara bidaltzeko.