Etxarri Aranazkoa (Nafarroa) zen Josu Zabala Salegi Basajaun, eta Gipuzkoan agertu zen hilik,Debako Mendata Gainean. Tiro bat zuen bularrean, eta pistola bat aldamenean. Autopsiaren arabera, aurreko egunean hil zuen bularrean jotako tiroak. Garai hartan Juan Mari Atutxa zen Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua, eta, hark emandako bertsioaren arabera, Zabalak bere buruaz beste egin zuen. ETAk, berriz, Espainiako segurtasun indarrei egotzi zien heriotzaren erantzukizuna. Martxoaren 23an Bilbon bahitu zutela esan zuen erakundeak, ohar baten bidez.
20 urte pasatu direla, gertatutakoa argitzeko eskatu du familiak. Larunbatean ekitaldia egin zuten Etxarri Aranatzen, eta argi hitz egin zuten: "Josuren heriotza nola gertatu zen jakin nahi dugu; haren heriotzaren atzean egon daitezken erantzukizun guztiak argitzea nahi dugu. Josuri gertatutakoa berriro inoiz, inon eta inori ez gertatzea nahi dugulako".
Izan ere, gogora ekarri zuten bertsio ofiziala kolokan jarri zutela ikerketan agertutako hainbat datuk. Hauek, besteak beste: gorpua agertu zen tokian ez zen odol arrastorik, miaketan ez zuten bala zorrorik aurkitu, eta Zabalak soinean zituen zapaten zolan itsatsirik zegoen lurra ez zen paraje haietakoa.