Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETApm-ko kidearen desagerpena salatzeko manifestazio bat egin zuten 1976ko irailaren 8an, Hondarribian (Gipuzkoa), eta haren aurka errepresio bortitzarekin erantzun zuen Guardia Zibilak. Gomazko pilotak soilik ez, suzko armak ere baliatu zituzten protestan ari ziren herritarren kontra. Arma horiekin hil zuten Josu Zabala Erasun. Orain, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak urratsak eskatu dizkie Espainiako Gobernuari eta Hondarribiko eta Irungo (Gipuzkoa) udalei, Zabalaren aitortza eta erreparazioa bermatzeko. Izan ere, 50 urte geroago, Zabala ez da ageri Irungo Terrorismoaren Biktimen Monumentuan. Bai, ordea, Meliton Manzanas. Eta hori «onartezina» da, GEBehatokiaren esanetan.
Zabala, irundarra (Gipuzkoa), Lesakako Laminaciones fabrikako langilea eta CCOOko afiliatua zen, eta GEBehatokiak zenbait egitasmo abiatu ditu sindikatu harekin eta Zabalaren familiarekin. Zabala estatuaren biktima gisa aitortua du Eusko Jaurlaritzaren balorazio batzordeak, eta Espainiako Gobernuak antzeko adierazpen bat egitea nahi dute: Madrili eskatu diote norabide berean deklarazio bat egiteko, Memoria Demokratikorako Legeari men eginda.
Baina ez hori bakarrik. Zabalaren kasuan, identifikatuta dago haren hiltzailea nor izan zen: Enrique Pascual guardia zibila. Hura epaitu eta zigortu egin zuten, baina espetxetik igaro gabe aske geratu zen Burgosko Kapitaintza Nagusiaren dekretuz eta 1977an onartutako Amnistia Legea aplikatuta. Bada, GEBehatokiak uste du amnistia hura legez kanpokoa izan zela, eta hori Madrilek idatziz adieraztea nahi du.
Era berean, auziaren azterketa judizial baterako tramiteak hasteko ere exijitu du, «borondatezko jurisdikzioan» oinarrituta. Azaldu dutenez, halako prozesu baten xedea da hilketari lotutako egitateen «ziurtagiri judiziala» ontzea, eta ez delitugilearen kontrako jazarpen penal bat abiatzea.
Hain zuzen, GEBehatokiak azaldu du mekanismo hori bera erabiltzen ari direla Txomin Letamendiren kasuan. Hura Euskal Informazio Zerbitzuentzat aritu zen lanean, eta frankistek bi aldiz atxilotu zuten 1940ko hamarkadaren bigarren erdian. Atxilotu soilik ez, torturatu eta baldintza kaskarretan espetxeratu ere bai, eta horrek eragindako ondorio fisiko eta psikologikoen ondorioz hil zen, 1950ean. GEBehatokiaren arabera, kasu batean zein bestean ez dago delituen inguruko eztabaidarik, eta posible da jazotakoa berresteko auzitara jotzea.
Torturatzaile baten memoria
Eskatzaileek Hondarribiko eta Irungo udaletara ere jo dute, babes eske. Zehazki, nahi dute bi erakunde horiek Espainiako Gobernuari igorritako eskaerarekin bat egitea eta Zabalaren auzia konpontzeko eta «haren duintasuna berreskuratzeko» egitasmo instituzional bana garatzea.
Irungo Udalari dagokionez, baina, bada bestelako exijentzia bat ere. Hiri hartan dagoen Terrorismoaren Biktimen Monumentuan ez dago Zabalaren erreferentziarik. Ageri da, baina, Meliton Manzanas Brigada Politiko Sozial frankistako inspektorea; torturatzaile ezaguna zen, eta 1968an hil zuen ETAk.
Horiek hala, egoera «onartezintzat» jo dute GEBehatokiak eta Zabalaren familiak, Zabalaren memoriari kalte egiten zaiola eta familia «larriki diskriminatzen» dela iritzita, eta urratsak eskatu dituzte auziari «irtenbide duin bat» emateko. Izan ere, azaldu dutenez, Zabala familia bera Manzanasen biktima izan zen: «Gertaera honen gauzarik ankerrena da Meliton Manzanas Esteban Zabalaren, Josuren aitaren, zuzeneko torturatzailea izan zela behin baino gehiagotan».
Ez da Manzanasen aitortzak eztabaida pizten duen lehen aldia. Esaterako, haren hilketaren urteurrenean, Gasteizko Biktimen Oroimenezko Zentroak biktima soil moduan gogoratu zuen behin baino gehiagotan, eta Foro Sozial Iraunkorrak horrek eragiten zuen «birbiktimizazioa» salatu zuen. Kasu honetan, iritzi bera du GEBehatokiak. «Onartezina da gaur egun norbaitek Meliton Manzanasen memoria aldarrikatzea. Haren irudia erregimen kriminal baten izenean egin zituen ankerkeriekin lotuta dago nahitaez», azaldu dute.
Horregatik, Irungo monumentuan hari egindako aitortza ezabatzetik haratago ere jo nahi du, eta horretarako, beste behin, aurrerapausoak eskatu dizkio Irungo Udalari. «Espainiako Gobernuari eskaera bat egin diezaiola Meliton Manzanasi ken diezazkioten oraindik dituen kondekorazioak eta sariak».