EUSKAL PRESOAK

Josune Oña presoa Logroñora gerturatuko dute, eta Alvaro Arri, Burgosera

Patxi Ruiz presoak gose eta egarri grebari ekin dio; Jose Ramon Foruriari, berriz, hirugarren gradua eman diote.

Kalera Kalera dinamikaren martxa Martuteneko espetxera, 2018ko abenduan. JON URBE / FOKU
jon olano
2020ko maiatzaren 11
16:13
Entzun

Josune Oña eta Alvaro Arri euskal presoak (EPPK) lehen gradutik bigarrenera igarotzea onartu dute Espainiako Espetxe Erakundeek, eta Euskal Herritik gertuago dauden kartzeletara eramango dituzte: Oña Alacanten zegoen (Herrialde Katalanak), eta Logroñora (Espainia) lekualdatuko dute; 2004an espetxeratu zuten, eta 2023an beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Alacanteko presondegiak proposatu du hura bigarren gradura igarotzea eta bere inguru sozialetik gertuagoko kartzela batera eramatea.

Arri, berriz, Castellotik (Herrialde Katalanak) Burgosera eramango dute (Espainia). 2003an espetxeratu zuten, eta 30 urteko zigorra betetzen ari da. 2018ko ekainean bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Koronabirusaren izurriak eragindako osasun egoerak modua ematen duenean mugituko dituzte.

Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkiegoan duen ordezkaritzak eman du lekualdaketen berri. Gainera, hirugarren gradua eman diote Jose Ramon Foruria euskal presoari; etxean dago preso, kontrol telematikoarekin. Gaur egun, hiru dira etxean preso daudenak: Foruria, Aitzol Gogorza eta Mikel Gil.

Oña eta Arri aintzat hartuta, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentetzan dagoenetik (2018ko ekaina) 31 euskal preso aldatu dituzte lehen gradutik bigarrenera; azkena, iazko ekainean. Euskal Herrira gerturatutako azkena Joseba Arregi Erostarbe izan zen: Villenatik Villabonako presondegira eraman zuten iazko abenduan, baina hura baino lehen mugitu zutena uztailean hurbildu zuten. Sanchezen gobernuak 28 hurbilketa egin ditu.

Azken hilabeteetan, mugimendu gehiago izan dira bigarren gradutik hirugarrenera igarotzeko; aurtengo urtarrilean, Gorka Fraileri eman zioten, eta joan den apirilaren 30ean, Jagoba Codo, Fernando Alonso eta Xabier Agirreri.

Patxi Ruiz, gose eta egarri greban

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak salatu du Patxi Ruiz presoari mehatxuak egin zizkiotela. Ruizek berak, erasoari erantzuteko, ebakiak egin zituen besoan larunbatean; erizaindegira eraman dute, eta grapak jarri dizkiote zauria ixteko.

AEMk ohartarazi duenez, erizain batek jarri zizkion grapak; sendagileak ez zizkion begiratu zauriak. Ruizek lasaigarri bat eskatu zien, lotarako, eta erizainak transilium bat eskainita, Ruizek botika leunagoren bat galdegin zien. AEMren arabera, sendagileak uko egin zion beste ezer emateari, eta erantsi berdin zitzaiola presoari zer gertatzen zitzaion. Kartzelako funtzionarioen jarrera salatzeko, Ruizek gose eta egarri greba hasi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.