«Joxe Mariren izenean aritzeak on egin digu»

Gaur 25 urte bete dira ETAk Joxe Mari Korta enpresaburu eta Adegiko presidentea hil zuenetik. Urteurren borobilarekin, haren izena daraman fundazioak amaiera emango dio bere bideari.

Joxe Mari Kortaren omenez egindako ekitaldi bat, 2015ean, Zumaian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Joxe Mari Kortaren omenez egindako ekitaldi bat, 2015ean, Zumaian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko abuztuaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zumaiatik (Gipuzkoa) kilometro ingurura dago Joxe Mari Korta industrialdea. Esparru hark 2000 bukaeran hartu zuen izen hura, Adegiko presidentearen omenez. Urte hartako abuztuaren 8an hil zuen ETAk, han bertan, haren familiaren enpresaren egoitzaren aurrean. Hamabost kilo lehergailu zartarazi zituzten enpresaria bere autora sartzen ari zenean, eta minutu gutxian hil zen. Atentatu hark harridura handia eragin zuen, Jexuxmari Mujika (Aizarna, 1946) Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioko eledunak gogoan duenez, baita «ETAren guztiz kontrako ez zirenen» artean ere. Ordutik, fundazioak lan egin du haren legatuari eusteko. Gaur amaituko du bere bidea.

Gazte ezagutu zuten elkar Mujikak eta Kortak, 1958an, Donostiako seminarioan ikasle zirela. «Jenio biziko mutila», du gogoan, «baina bere burua kontrolatzen garaiz ikasi zuena». Ez da hor amaitzen Mujikak bere lagunaren bereizgarritzat jotzen dituen ezaugarrien zerrenda: «enpatia handikoa», «ekintzailea», «zentzu kritikoduna», «koherentzia izugarrikoa», «kuriositate intelektual handikoa»... Baita «optimista» eta «ausarta» ere. Hain zuzen, bi ezaugarri horiek markatzen dituzte Mujikak enpresariaren bizitzako azken hilabeteez gogoratzen dituen zenbait elementu.

Mende aldaketa ETAren erabaki batek markatu zuen euskal politikagintzan. Erakunde armatuak azaroaren 28an iragarri zuen Lizarra-Garaziko Itunaren ostean abiatutako su etenaren amaiera. Eta Mujikak gogoan du iragarpen haren ostean Kortarekin eta beste lagun batekin egindako afari bat. «Gu baino optimistagoa zen ETAk hiltzeari uztearen inguruan. Esperantza zuen bukatuko zela. Ez zuen asmatu».

Hain zuzen, 2000ko urtarrilaren 21ean Pedro Antonio Blanco militarra hil zuen ETAk. Gerora, Fernando Buesa PSE-EEko legebiltzarkidea eta haren bizkartzaina, Jose Luis Lopez de Lacalle kazetaria, Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil ohia... 23 lagun, urtea amaitu baino lehen; tartean, abuztuaren 8an, Korta bera.

«Gu baino optimistagoa zen ETAk hiltzeari uztearen inguruan. Esperantza zuen bukatuko zela»

JEXUXMARI MUJIKA Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioko eleduna

«Ez dut ukatuko kezka zuenik», esan du Mujikak. Izan ere, hark dio garai «arriskutsu» batean hartu zuela Kortak Adegi Gipuzkoako enpresarien elkartearen presidentetza, 1994an. Urte haietan Julio Iglesias Zamora, Jose Maria Aldaia eta Cosme Delclaux bahitu zituen ETAk, eta Isidro Usabiaga eta Francisco Arratibel hil, besteak beste.

Gainera, kargu hartatik argi mintzatu zen erakunde armatuak hainbat enpresariri ezarritako «zerga iraultzailearen» inguruan. Juan Bautista Rubio enpresaburuaren kontrako atentatu saiakeraren ostean —2000ko uztailaren 7an izan zen—, Kortak «xantaia» haren kontra egin zuen: «Zentzu ona duen inork ezin dezake onartu biolentzia eta estortsioa bide egokiak direnik inbertsioak handitzeko». Hain zuzen, haien aurkako epaiketan, ETAko bi kidek aitortu zuten «zerga iraultzailea» ez ordaintzeko erabakia eta enpresaburuei bide bera hartzeko egindako deia izan zirela Kortaren aurka egiteko arrazoiak.

«Adegiko buru bezala, esan behar zuena esaten zuen, eta ozenki esan ere», nabarmendu du Mujikak, baina gehitu du kezka izan arren ez zutela espero Korta hilko zutenik. Zumaiarekin zuen lotura aipatu du: herriko ikastolako lehendakari eta Ikastolen Federazioko ordezkari izan zen, euskaltzalea eta Zumaiako Txirrindulari Elkarteko kidea. «Asteartez hil zuten, eta larunbat hartan enpresako furgoneta hartu eta erratz auto aritua zen Zumaian», aipatu du Mujikak.

(ID_17545646817025) (/EZEZAGUNA) Joxe Mari Korta
Korta, eskuinean, artxiboko irudi batean. EGUNKARIA

Berari ere kosta zitzaion jazotakoa sinestea: «Bizikletan nindoan, eta [Donostiako] Rekondo jatetxearen parean, telefonoa. Ez nuen hartzeko ohiturarik, baina segi eta segi egiten zuen, eta gelditu eta hartu egin nuen. Nire koinatuak esan zidan: ‘Hire lagun Joxe Mari hil ditek’». Bizikletan jarraitu zuen Igeldoraino, eta orduan erreakzionatu. Jaitsi eta Kortaren senideengana jo zuen, beste lagun batek hala eskatuta. Inguruan, «harridura» zen nagusi: «Horren adierazgarri da egun berean egin zuten elkarretaratzea. Eta hurrengo egunean, hiletaren ondorengo manifestazioa ikaragarria izan zen [Zumaian]».

Izan ere, Mujikak azaldu du ildo politiko ezberdinetako jende ugari hurbildu zela berarengana, tartean ezker abertzaleko ugari. «Aizarnakoa naiz, herri txiki batekoa. Hara joan nintzenean, denek errespetuz tratatu ninduten. Bati entzun nion, herrikoa ez zen bati: 'Zerbaitegatik hilko zuten'. Baina uste dut jende hori guztia ere harrituta gelditu zela», gehitu du.

Hezkuntza, obsesio

Urtebete geroago, Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioa eratu zuten, eta bozeramaile lana hartu zuen Mujikak, «bere bizitzan ardatz izan ziren balio horiek lantzen segitzeko asmoz». Ia mende laurden bat egin du lan horretan, baina gaur utziko dio horri, fundazioaren bideari amaiera ematea erabaki baitute. «Gauzak hasi eta bukatu egiten dira. Uste dugu egin behar genuena egin dugula, eta Joxe Mariren izenean hor biltzeak eta aritzeak on egin digu».

Mujikaren esanetan, urte hauetan saiatu dira politikoki erabiliak ez izaten, «biktima guztiak injustiziaren fruitu» direla adierazten eta «indarkeriaren banalizazioari» aurre egiten. Horretarako helduleku nagusietako bat izan zuten urtero Korta enpresaren aurrean egiten zuten omenaldia, enpresaria hil zuten leku berean. 2017an, baina, halako ekitaldi publiko gehiago ez egitea erabaki zuten, «gizartearen normalizazioa lortzeko prozesu gradualari ekarpen bat» egiteko asmoz.

Halere, bere bideari eutsi dio, Mujikaren hitzetan, begirada belaunaldi berriengan jarrita: «Gertatu dena ez zaie ezkutatu behar, garbi adierazi behar zaie, ikuspegi ezberdinak eman behar zaizkie, baina jakin behar dute Euskal Herrian sufritu dugun guztia ez dela alferrikakoa izan eta aurrera hobeto jokatzen ikasi behar dugula». Izan ere, argudiatu du Joxe Mari Kortaren «obsesio handiena» belaunaldi berrien hezkuntza zela. «Teknikoa, baina baita balio etikoena ere». Horiek hala, erabaki dute fundazioaren funtsa lanbide heziketarako beketarako erabiltzea, eta horren kudeaketa Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku utzi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.